Politika -

Elkarrizketa

Maya: "Iruñeari hiriburutza gutuna zergatik kendu dioten azaldu beharko dute alderdiek"

Iruñeko alkatea oso haserre azaldu da Navarra Sumak ez beste taldeek babestutako tokiko finantzazio erreforma dela eta. Aitortu duenez, Udalak sei milioi euro gutxiago jasoko ditu eta, ondorioz, "murrizketak" egin beharko dituzte, baina larriena hiriburutza galtzea da, 24 urte eta gero.

Maya, bere bulegoan, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Maya, bere bulegoan, elkarrizketaren une batean.
Maya, bere bulegoan, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enrique Maya Iruñeko alkatea oso haserre agertu da Navarra Sumak (NA+) ez beste taldeek babestu duten tokiko finantzazioaren erreforma dela eta. Horren ustez, Iruñearen kontrako "erasoa" izan da, hiriburutza gutuna kendu baitiote. Navarra Sumako alkatearen arabera, "zergatik" egin duten azaldu beharko dute orain alderdiok. Izan ere, azaldu duenez, "eskualdeetako hiriburu guztiak hiriburutza lortzeko lanean ari dira, eta Iruñearen hiriburutza gutuna bermatzen zuen hitzarmenak 25 urte bete behar zituen 2022an".

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako adierazpenetan, Mayak ohartarazi du tokiko finantzazioaren erreforma dela eta, Iruñeko Udalak sei milioi euroko galera izango duela, eta ondorioz, "partida batzuk murriztu beharko ditugu, ez naizelako zorpetu nahi". 

Iruñeko aurrekontuak onartzeko PSNrekin akordioa egiteko prest ote dagoen galdetuta, baietz erantzun du Mayak. "Akordio hori defendatuko dut: zinegotzi bat falta zaigu gehiengo osoa edukitzeko, eta beste taldeekin itunak lortzeko beste erremediorik ez dugu", aitortu du. Nolanahi ere, ohartarazi du PSN "aldatu" egin dela, eta uste du argitu beharko lukeela, "lehenbailehen, Bilduren Alkatetzea bat babestuko lukeen". Mayaren esanetan, "PSNk esan du eroso dagoela Bildurekin gobernatzen, baina uste dut hurrengo legegintzaldian ez duela babes nahikoa izango, eta ikusi beharko da Bilduri babesa ematen ere eroso dagoen. Hor egongo da koska".

Ildo beretik, Nafarroako Gobernuak eta koalizio subiranistak 2022ko aurrekontuen akordioa "aspalditik eginda" daukatela esan du Mayak; "akordio egonkorra da", gaineratu du. Ohartarazi duenez, "EH Bilduk ez du beti horrela jarraituko, departamentuak eta botere gehiago nahiko ditu (...) Bilduk joko-arau zehatzak jartzen ditu, baita bete ere; nik ez dut bat ere babesten, baina behintzat argiak dira (...) Baina hau ez da hemen geratuko, PSNk atea zabaldu die eta hurrengoan gobernuan sartuko da Bildu. Hori hemen gertatuko da, baina baita Euskadin ere. Zenbakiek posible egiten badute, ez da baztertzekoa akordioa egotea PSE-EEren, Podemosen et Bilduren artean EAJ paretik kentzeko".

Azkenik, 2022ko sanferminak hizpide, Mayak garrantzia kendu dio festak uztailaren 17ra luzatzeko bere proposamenari: "Pertsona batek eman zidan ideia, nik irrati elkarrizketa batean aipatu nuen, eta sekulako zalaparta piztu zen (...) ez diot garrantzi gehiago emango". Hala, esan du proposamena sanferminen mahaira eramango duela, baina gehiengoak babesten ez badu ez dela "ezertxo ere" gertatuko. Riau Riaua berreskuratzea ere baztertu du Iruñeko alkateak. "Hori ez dut proposatuko, badakit eta zapuztu nahi dutela. Ez dut uste Riau Riaua egiteko baldintzarik dagoenik", deitoratu du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Udala Navarra Suma