Politika -

Transakzio-zuzenketa

Eusko Legebiltzarrak berriro errefusatu ditu ETAko preso ohien harrerak

Ganberak gaiaz berriz eztabaidatu du, PP+Cs koalizioak proposatuta. Hala ere, haien testua atzera bota dute. Horren ordez, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk adostutako zuzenketa onartu da, PP+Cs eta Voxen babesarikin. EH Bilduk aurkako botoa eman du.

Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko indar politikoek, EH Bilduk salbu, espetxetik ateratzen diren ETAko presoei egiten zaizkien "harrera publikoak" arbuiatzeko adierazpen berri bat onartu dute. Era berean, antolatzaileei ekitaldi horiek bultzatzeari uzteko eskatu diete, desagertutako erakunde armatuaren biktimenganako "sentsibilitatea" adierazteko.

Gaiaren inguruan behin baino gehiagotan eztabaidatu du Ganberak azken hilabeteetan eta urteetan. Ostegun honetan PP+Cs koalizioak berriro ekarri du.

PP+Cs koalizioak legez besteko proposamena aurkeztu du, "kartzelatik ateratzen diren ETAko kideei ponperia publikoaz egiten zaizkien harrera ekitaldiak gaitzesteko".

Gainera, ekimenean Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria kargutik kentzea eskatu dute, "haren utzikeriagatik terrorismoa goraipatzeko ekitaldi publikoak gertatzen baldin badira".

Testua proposatu duten indar politikoek eta Vox ultraeskuineko alderdiaren legebiltzarkideak babestu dute soilik. Beraz, ekimenak ez du aurrera egin.

Horren ordez, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk adostutako transakzio-zuzenketa bat onartu dute, PP+Cs eta Voxen babesarekin. EH Bilduk aurkako botoa eman du.

Frankismoa "goratzen" jarraitzen duten bitartean eztabaida hauek planteatzea aurpegiratu dio Arkaitz Rodriguezek PP+Cs koalizioari

Jose Manuel Gil PP+Cs koalizioko legebiltzarkideak eztabaidan onartu duenez, Legebiltzarrak askotan eztabaidatutako gaia da, baina "behar beste aldiz" planteatzen jarraituko dute "hiltzaileak txalotzeko omenaldiak" antolatzen diren bitartean.

Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak salatu duenez, harrera mota horiek "terroristei egindako omenaldiak dira, giza eskubideen aurkakoak" eta "biktimak iraintzeko", beraz. Horregatik, "proiektu politikoak defendatzeko edo Estatu arrazoiagatik giza eskubideak urratzea bidegabea dela eta gaizki dagoela" onartzearen garrantzia azpimarratu du.

Frankismoa "goratzen" jarraitzen duten bitartean eztabaida hauek planteatzea aurpegiratu dio Arkaitz Rodriguez EH Bilduko legebiltzarkideak PP+Cs koalizioari. "Estatu terrorismoaren" eta Poliziaren torturen arduradunen "inpunitatearekin" bukatzeko "ezer ere egin ez dutenean", erantsi duenez.

Eneko Andueza PSE-EEko ordezkariak adierazi duenez, nahiz eta gaia "askotan" eztabaidatu, bere alderdia "ez da sekula nekatuko" omenaldiak salatzeko orduan, biktimentzako eta gizartearentzako "iraingarriak" direlako.

"Demokrazian indarkeria guztiei zilegitasuna erabat kentzeko" koalizio morearen konpromisoa berretsi du Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak. Horregatik, "giza eskubideen urraketa larriak" egin dituzten pertsonei omenaldirik berriro ez egiteko eskatu du. Norabide horretan pausoak ematea eskatu dio EH Bilduri.

Azkenik, Euskadin "demokrazia osasuntsu" bat dagoenik "zalantzan" jarri du Amaia Martinez Vox ultraeskuineko alderdiaren legebiltzarkideak. "Biktimentzako irain bat" diren ekitaldiak ospatzen jarraitzea deitoratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra Presoak ETA EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Bakea Euskadin Vox