Politika -

Memoria Demokratikoaren Legea

PSOEk azpimarratu du Amnistia Legea ez dela aldatuko eta frankismoko krimenenak ez direla epaituko

Felix Bolaños ministroaren esanetan, PSOEk eta Unidas Podemosek Memoria Demokratikoaren Legean egin nahi duten aldaketarekin Amnistia Legea indartuta geratuko da eta, ondorioz, ez da aterik irekiko frankista kriminalak epaitzeko.

Elkarretaratze bat Iruñean Rodolfo Martin Villa ministro frankista epaitzeko eskatuz. Argazkia: EFE
Elkarretaratze bat Iruñean Rodolfo Martin Villa ministro frankista epaitzeko eskatuz. Argazkia: EFE
Elkarretaratze bat Iruñean Rodolfo Martin Villa ministro frankista epaitzeko eskatuz. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frankismoan egindako krimenak ikertzeko eta epaitzeko Memoria Demokratikoaren Legea aldatzeko akordioa egin zutela iragarri zuten atzo PSOEk eta Unidas Podemosek, baina gaur Espainiako Gobernuak aukera horri ateak itxi dizkio, Amnistia Legeak eta 78ko erregimenak bere horretan segituko dutela azpimarratuta.

Felix Bolaños Memoria Demokratikoko ministro sozialistak ostegun honetan adierazi duenez, Gobernuko bi alderdiek adostutako zuzenketarekin ez da 1977ko Amnistia Legea indargabetuko; alderantziz, arau horren indarraldia berretsiko dute, nazioarteko itunen arabera interpretatu behar dela gogoratuz.  

Beraz, Bolañosek ziurtatu du lege berri hori indarrean sartu arren, Espainiako egoera juridikoa ez dela aldatuko. Espainiako Gobernuak 2002an berretsi zuen Nazioarteko Zigor Auzitegiaren Erromako Estatutua, legea nazioarteko zuzenbidea jarraituz aplikatu behar zela onartuta.

"Ez da inolako aldaketarik izango. Memoria Demokratikoaren Legea indarrean sartuta ere, 2002tik egin ahal diren gauzak egin ahalko dira", nabarmendu du Onda Cero irratian.

Gauzak horrela, frankismoko krimenak epaitzeko oztopoak ez dira desagertuko eta, Bolañosen ustez, gako nagusiak bi dira: Memoria Demokratikoaren Legea lege organiko bat ez denez, ez du zigor legedian inolako eraginik; eta, edonola ere, zigor legediak ez du atzeraeraginik.

"Ezin dugu araudi bat egin 2021ean 1970ean edo 1972ean izan ziren gertakarietan aplikatzeko", errepikatu du.

Hala eta guztiz ere, Espainiako Gobernuak gainerako taldeekin negoziatu beharko du Memoria Demokratikoaren Legean egin nahi dituen aldaketak; izan ere, PSOEk eta Unidas Podemosek 155 eserleku dituzte eta 176 boto behar dituzte ekimena aurrera ateratzeko.

Atzo, Gabriel Rufian ERCko bozeramaileak ohartarazi zuen frankismoko krimenak epaitu ahal izateko Amnistia Legea baliogabetzea ezinbestekoa dela, eta PSOEri eta Unidas Podemosi "herritarrak engainatzea" leporatu zien, iragarri duten zuzenketarekin frankismoaren biktimek gehienez kalteordain ekonomikoak jaso ahalko dituztela iritzita.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa Amnistia Legea