Itxi

2021/11/20

08:43

Politika

Manifestazioa

EH Bilduk "mugarria" ezarri nahi du Bilboko gaurko manifestazioan

eitb media

Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren hilketen eta Francoren heriotzaren urteurrena baliatuta, Autonomia kalea bete nahi dute euren aldarrikapenak ozen entzun daitezen.

  • Matute eta Perea, azaroaren 20ko Bilboko manifestazioaren aurkezpenean. Argazkia: EH Bildu

    Matute eta Perea, azaroaren 20ko Bilboko manifestazioaren aurkezpenean. Argazkia: EH Bildu

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

EH Bilduk Bilboko Autonomia kalea betetzera deitu du gaur Bilbon. "Indar erakustaldia" eta mugarria izatea nahi du ezker abertzaleak, Euskal Herriaren independentzia, justizia, feminismoa, ekologismoa, antifaxismoa, euskara eta bakea aldarrikatzeko bidean.

Garazi Perea eta Oskar Matute EH Bilduko ordezkariek prentsaurrekoa eman zuten, joan den igandean, mobilizazioaren nondik norakoak azaltzeko, eta herritarrei gaurko mobilizazioan parte hartzeko eskatzeko.

Oskar Matutek esan zuen "herri hau beste era batean eraiki nahi duten" herritar guztiak daudela parte hartzera deituta, "Euskal Herria maila guztietan errespetatu beharreko nazioa" dela uste dutenak. Estatuari "demokratizazio lanketa bat falta zaiola" ere salatuko dute mobilizazioan.

Diputatu independentistak esan zuen azaroaren 20an "euskal independentistek eta subiranistek herria bizirik dagoela erakusteko aukera" izango dutela, "gizon-emakume libre eta berdinen euskal errepublika eraikitzeko borrokan ari den" herria, hain zuzen ere.

"Azaroaren 20an, berdintasunean, ingurugiroarekiko errespetuan, justizia sozialean, erabakitzeko eskubidean eta printzipio demokratikoetan oinarritutako herri batean bizi nahi dugunok hitzordua dugu Bilbon", gaineratu zuen.

Izan ere, ohartarazi zuen gaurkoa ez dela izango "beste mobilizazio bat", "lur jota eta eragin politikorik gabe ikusi nahi gaituztenek kalkulagailua atera eta kontatu egingo gaituztelako", zeren "orduan eta jende gehiago egon Bilboko kaleetan, gehiago kezkatuko dira pribilegioak kolokan kusiko dituztelako".

Pereak jakinarazi zuenez,  manifestazioaren amaieran "ekitaldi berezia" egongo da Bilboko udaletxean. Bertan Arnaldo Otegik hartuko du hitza, eta "mugarri" izatea espero duten hitzaldia emango omen du.

Santi Brouard eta Josu Muguruza GALek azaroaren 20an, duela 37 eta 32 urte, hildako HBko buruzagiak ere izango dituzte gogoan manifestazioan.

"Ezarri beharreko osasun-neurri erabat zorrotzak"

Asteon Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak adierazi zuenez, koalizioak eutsi egiten dio datorren Bilbon egingo den manifestaziorako deialdiari, eta "modu seguruan" eta osasun-neurri guztiak bermatuz egingo dela ziurtatu zuen. Eusko Jaurlaritzak osasun eta segurtasun neurriak betetzeko deia egin ondotik egin zituen adierazpenok.

Orain arte pandemian zehar egin bezala, mobilizazio honetan ere "ezarri beharreko osasun-neurri erabat zorrotzak" ezarriko direla ziurtatu zuen Iriartek, ahalik eta modu seguruenean gauzatu dadin.

"Gaur goizean EAJko kide bati entzun diot ez zuela zalantzan jartzen hamar egun barru egin behar duten Kongresua egiteko aukera, eta PSE-EEri ere ez diot ezer entzun asteburuan Pedro Sanchez buru izango duen Kongresuari buruz, ezta zelaiak bete eta milaka eta milaka pertsona bilduko dituzten futbol partidei buruz ere", esan zuen.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;