Politika -

Diputatuen Kongresua

EAJk Errioxa jatorri-izenaren inguruko proposamena atzera bota du, Ministerioarekin akordio bat itxi ondoren

"Giro hain zaratatsu eta toxiko honetatik at hitz egiten hasi ahal izatearekin pozik gaude", esan du Aitor Esteban bozeramaile jeltzaleak.

Mahasti bat. Artxiboko argazkia: EFE
Mahasti bat. Artxiboko argazkia: EFE
Mahasti bat. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errioxa ardoaren jatorri-izenaren inguruko lege-proposamena atzera botatzea erabaki du EAJk, Aitor Esteban bozeramaile jeltzaleak Luis Planas Nekazaritza ministroarekin akordio bat ixtea lortu ondoren, aldarrikapenak Kongresutik kanpo negoziatzeko.

Gaiak PPn eragin duen erreakzio "bizia" deitoratu du Estebanek. Ekimena irakurri ez izana leporatu dio jeltzaleak Alderdi Popularrari. Jatorri Izena Arautzeko Kontseilua "hausteko asmorik ez" dutela ziurtatu du EAJko ordezkariak prentsaurrekoan.

Estebanen hitzetan, Planas ministroarekin eta Moncloarekin izandako negoziazioek "elkarrizketa" bat abiatzea posible egin dute, ekimenak konpondu nahi zituen arazoei irtenbide bat emateko. Lege-proposamena datorren asteartean eztabaidatzekoak ziren Kongresuan.

"Giro hain zaratatsu eta toxiko honetatik at hitz egiten hasi ahal izatearekin pozik gaude", adierazi du bozeramaile jeltzaleak. Proposamena atzera botatzea erabaki dute, "giro lasai" batean arazoaz eztabaidatzea posible izango dela uste dutelako.

Esteban: "Zoritxarrez, PPk giroa gaiztotzea lortu du"

Gogorarazi duenez, Errioxako ardoaren jatorri-izenaren funtzionamendua hobetzeko erakunde sorta sortu nahi zuen proposamenak, "kudeaketa hurbilago" bat bilatuz, nahiz eta dagoeneko Errioxa Garaia edo Arabako Errioxa bezalako demarkazioak izan.

PPren erantzuna "neurriz kanpokoa" izan dela errepikatu du Aitor Estebanek. Gobernuari aurre egiteko "guztiak balio du" politika jarraitzea egotzi dio jeltzaleak Alderdi Popularrari. "Eta norbait erdian harrapatzen baldin badu, ere", deitoratu du.

"Zoritxarrez, PPk giroa gaiztotzea lortu du", esan du. Errioxako ardo sektoreak "interes" ezberdinak ditu, onartu duenez, eta alderdian "ez gara martetarrak", guztiekin hitz egiten ari dira, erantsi duenez.

Arabako Errioxa jatorri-izena sortzeko ekimenaren inguruan "elkarrizketa irekitzea" positiboa dela uste du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak.

Gonzalezek adierazi duenez, "albiste bikaina da", gaia "elkarrizketarekin eta lankidetzarekin konpondu behar delako". Horregatik, "pozik" agertu da, "behingoz posible delako".

Concha Andreu Errioxako presidenteari, aldiz, "ez dio kezkatzen" EAJren eta Nekazaritza ministroaren arteko negoziazioak.

Bere Gobernuak eta berak, pertsonalki, egin beharrekoa egin dute, "behar genuen pertsonekin hitz egin, orain eta beti defendatu izan duguna defendatzeko, errespetuz, lasaitasunez, zintzotasunez, zaratarik egin gabe, panfleto barik eta hotsandiko adierazpenik gabe", buruzagi sozialistak azpimarratu duenez.

Bestalde, Errioxa Jatorri Izena Arautzeko Kontseilua (DOCa) "pozik" azaldu da proposamena atzera botatzearekin, "Errioxa Jatorri Izenaren eredu, araudi eta funtzionamenduari zuzenean eta gogor eragingo ziolako".

"Errioxa Jatorri Izena zatituko zukeen ekimen politikoak porrot egitearekin" pozik agertu da Arautzeko Kontseilua ohar batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Errioxako ardoa Arabako Errioxa Nekazaritza Errioxa