Politika -

VIII. Asanblada Orokorra

EAJk "erabakitzeko eskubidearen instituzionalizazioa" aldarrikatu du

Jeltzaleek "Gaurko egoeraren diagnostikoa, Euskadiren etorkizuna eraikitzeko" txostena aurkeztu du, euskal gizarteari entzuteko oinarritzat erabiliko dutena.

EAJren Asanblada Orokorra, BECen. Argazkia: Efe
EAJren Asanblada Orokorra, BECen. Argazkia: Efe
EAJk gaur egungo egoeraren diagnosia aurkeztu du VIII. Asanblada Orokorrean

1:17

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJren ustez, "Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen instituzionalizaziora eraman behar da autogobernua berritzeko prozesua, euskal herritarren borondate libre eta demokratikoari bide emanez".

Horixe jaso dute jeltzaleek "Gaurko egoeraren diagnostikoa, Euskadiren etorkizuna eraikitzeko" dokumentuan. Asteburu honetan Barakaldoko (Bizkaia) BECen, "Abian Zurekin" lelopean, egiten ari diren VIII. Asanblada Orokorrean aurkeztu dute txostena.

Itxaso Atutxa EAJren Bizkaiko presidenteak aurkeztu du EBBk, EAJtik kanpoko "adituekin" batera, osatu duen diagnosia "egungo eta covid ondorengo Euskadiri" buruz. Horixe hartuko omen dute oinarri gisa alderdiak egin behar duen "entzuketa aktibo" prozesuan.

Atutxak azpimarratu du "une historikoa" bizi dela, "etengabeko eraldatzeekin eta zalantzekin", eta EAJren helburua, diagnosi horretatik eta "euskal gizartearen entzuketatik" abiatuta, "erronka nagusientzako erantzunak" jasoko dituen "agenda" bat osatzea izango dela.

Aipatu txostenean azaltzen denez, "nazioaren ideia zehatza eskainiko duen eta norberaren ondare kulturalaren ulermen nazionala ordezkatzen duen errelato historikoa sortu beharra dago", eta "euskal izaerak bizirauteko", euskara "sustatzea eta zabaltzea" defendatzen dute.

EAJren diagnosian jaso dutenez, "Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen instituzionalizaziora eraman behar da autogobernua berritzeko prozesua, euskal herritarren borondate libre eta demokratikoari bide emanez".

"Bere nortasuna eta nazio izaera onartuta, Euskal Herria da erabakitzeko eskubidearen eta hori egikaritzeko araudiaren jabea. Eskubide demokratikoa da, eta aitortu, egikaritu, arautu eta itundu egin behar da", dio EBBren txostenak.

Atutxak esan du erabakitzeko eskubidea izango dela EAJk herritarrekin abiatuko duen "hizketa eta entzuketa" prozesuko "gaietako bat", baina gogorarazi du EAJ eta gainerako alderdiak "ekarpenak" egiten jarraituko duela "Legebiltzarrean ere".

Gainera, "Euskadiren instituzionalizazioak nortasuna atxikitzeko gaitasuna" izan dezakeela uste dute jeltzaleek, erakundeek euskal herritarren arazoei konponbidea ematen dieten heinean "nortasun nazionala indartuko" dutelako.

Entzuketa prozesua

Era berean, dokumentuan "lehentasunezko erronka" sorta bat agertzen da, tartean iraunkortasuna, berdintasuna, demografia, euskara, zerbitzu sozialak, osasun sistema, hezkuntza, enpleguaren sorkuntza eta jarduera ekonomikoaren babesa.

EAJk euskal gizartearekin sakondu nahi du txostenean entzuketa prozesuaren bitarteaz, asanbladaren ostean, herritarrek ekarpenak egin ditzaten, dokumentua "hobetzeko".

Hala, EAJk "bidelagun" figuraren bitartez alderdiarekin harremanetan jartzeko sistema jarriko du martxan 2022ko lehenengo hiruhilekoan, eta horrela, sakelako telefonoko aplikazio baten bitartez elkarrizketa "zuzena" eduki ahal izango da alderdiko buruzagiekin, afiliatua izan gabe ere.

"Bidelagun" izena aukeratu du EAJk alderdiarekin harremantzeko era berrirako, "ohiko afiliazioarekiko desberdina" delako, "ez horren formala, ez hain organikoa, baina ez horregatik zuzentasun eta aberasgarritasun gutxiago duena", azpimarratu du alderdiak.

"Zukesan" izango da app-aren izena, eta horren bitartez lotu nahi ditu "bidelagunak" eta alderdiko ordezkari nagusiak, elkarrizketa "zuzenak, aldebikoak eta kalitatezkoak" izateko.

Asanblada Orokorra igandean amaituko da, ekitaldi politikoarekin. 11:30etik aurrera Andoni Ortuzar EBBren presidenteak eta EGIko ordezkariren batek hartuko dute hitza. Oraingoan ez da "makila" emateko ekitaldirik egongo, Ortuzarrek iaz berritu baitzuen kargua.

Ezohiko Kongresua

EAJ  VIII. Asanblea Orokorra egiten ari da asteburu honetan Barakaldoko (Bizkaia) BECen "Abian Zurekin" lelopean, eta "ezohiko" hitzordua izango da.

Asanblada Orokorra, kongresu baten parekoa dena, "ezohikoa" izango da EBB duela urtebete berritu zelako, 2020ko abenduan, eta estatutuen erreforma ere onartu zelako orduan. Hala, Asanblada Orokorrean ez da Euzkadi Buru Batzarraren presidentea eta zortzi kideak hautatazeko Asanblada Nazionalik egingo.

EAJk lortutako hauteskunde arrakasten eta "barne bakearen" ondorioz, euren postuetan jarraituko du 2004tik alderdia zuzentzen duen Iñigo Urkulluren, Andoni Ortuzarren, Joseba Aurrekoetxearen, Koldo Mediavillaren eta Aitor Estebanen belaunaldiak; agintaldia amaitzen denean, 2024an, 65 urte inguru izango dutenak, Joseba Egibarrek bezalaxe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bizkaia Barakaldo Andoni Ortuzar Euskal Autonomia Erkidegoa Bilbao Exhibition Centre Eguneko albisteak Albisteak