Politika -
EPPK-REN AGIRIA
Presoen harrera publikoen inguruko EPPKren adierazpena aintzat hartu dute alderdiek
Andoni Ortuzarrek (EAJ) "positibotzat" jo du agiria, baina berandu datorrela uste du. Arnaldo Otegiren (EHBildu) arabera, "esanahi eta balio handiko ekarpena" da eta Eneko Anduezak (PSE/EE) terrorismoaren biktimen "garaipena" dela iritzi dio.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) espetxetik ateratzen diren presoei harrerak "era pribatu eta diskretuan" egiteko nahia publikoki agertu ondotik, alderdi politikoen erreakzioak berehala iritsi dira.
Hala, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak positibotzat jo du kaleratutako agiria, baina "berandu" datorrela azpimarratu du. "Positiboa da, inondik inora. Dena dela, hausnartzeko eskatu nahi diet; izan ere, azkenean egin beharrekoa egiten dute, baina berandu. Hainbeste denbora ez ematea eskatuko nieke, urratsak orain emateko", adierazi du.
Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, buruzagi jeltzaleak ETAk inoiz existitu behar ez zuela aitortzeko deia egin du.
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak uste du EPPK-k atzo plazaratu duen erabaki politikoa "esanahi eta balio handiko ekarpena" dela eta norabide horretan egindakoa dela.
Presoen agiria "biktimekin enpatia ariketa kualitatibo" bat dela uste du Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak. Aldi berean, Espainiako Estatuari antzeko "pausoak ematea" eta egindako kaltea aitortzea eskatu dio.
Sorturen egoitzan, Donostian, agerraldia egin du Rodriguezek. Sortuko buruzagiaren esanetan, "pertsona horiei eragindako sufrimenduaren eta kaltearen aitortzan beste pauso bat da" adierazpena. Bakeari eta elkarbizitzari egindako "ekarpen" garrantzitsua dela erantsi du.
Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiaren arabera, biktimen garaipena da deklarazio hori. Sare sozialetan adierazi duenez, ETAko presoen kolektiboaren erabaki hori "kolektiboen ahalegin zuzenaren eta gizarteak eta erakundeek 'ongietorri' izenarekin ezagutzen direnak desagerrarazteko egindako presioaren emaitza" da.
Unidas Podemosek azpimarratu duenez, agiria "berandu iritsi da, baina iritsi da", eta "elkarbizitzarako eta gatazka gainditzeko" aurrerapauso bat da, biktimekiko "sentsibilitatea" erakusten baitu. Era berean, Ciudadanosek "ongietorriak" debekatzeko ekimenaren aurka agertu da, dagoeneko "indarrik ez" duela iritzita.
Carlos Iturgaiz Euskadiko PPren presidenteak iragarpena "Sanchez-Otegi" itunaren baitan kokatu du. Sare sozialetan, itunaren "aurrerapentzat" jo du erabakia; izan ere, bere esanetan, "harrera nazkagarri horiek pribatu izatera pasatzearekin batera, ETAren hiltzaileak askatzea eta zuritzea lortzen du Sanchezek".
Azkenik, Jose Manuel Gil Euskadiko Ciudadanosen koordinatzaileak uste du iragarpena "demokratek egindako presioari esker lortutako garaipen txiki bat" dela. Gilen aburuz, "asmo oneko batzuek pentsatuko dute presoak onak direla eta zerbait eskertu behar diegula, baina demokraten presioari esker pauso bat atzera egin behar izan duten hiltzaileak baino ez dira".
Agiri batean, EPPK-k astelehen honetan azaldu du badirela harrera ekitaldi horiengatik "samina sentitu dutela zintzoki azaldu duten pertsonak", eta min hori ulertzen dutela erantsi du: "Gure iraganeko militantzian egindako ekintzen ondorioz kaltetutako pertsonak dira eta minduta sentitu daitezkeela ulertzen dugu".
Gauzak horrela, "aurrerantzean, harrerak hurkoen artean eta esparru pribatuan" jaso nahi dituztela azpimarratu dute.