Itxi

2021/12/02

11:54

Politika

EAE-ko Aurrekontuak

Iriarte: "Azkenean lortu dugu Gobernu hau mugitzea eta berebiziko garrantzia duten aldarriak onartzea"

O.P. | Eitb Media

Koalizioak Legebiltzarrean duen bozeramaileak nabarmendu du aurrekontuek, arazo guztiei erantzuna ematen ez dien arren, "Gobernuak aurkeztu zituenean baino hobeak" direla orain eta pozik agertu da "bere bizi baldintzak hobetuko dituen pertsonengatik eta kolektiboengatik".

5:11
Maddalen Iriarte
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Maddalen Iriarte EH Bilduk Legebiltzarrean duen bozeramailea pozik agertu da, Eusko Jaurlaritzarekin aurrekontuen inguruan lortutako akordioarekin, orain, aurrekontuak "arazo guztiei erantzuten ez badiete ere, Jaurlaritzak aurkeztu zituenean baino hobeak" direlako. Pozik agertu da, batez ere, "bizi baldintzak hobetuko dituzten pertsonengatik eta kolektiboengatik".

Era berean, pozarren agertu da "Gobernu hau mugitzea eta gure ustez berebiziko garrantzia duten aldarriak onartzea" lortu dutelako. "Urteetan errepikatu digute ezinezkoa zela EH Bildurekin akordioak lortzea eta esan digute aurrekontuetako akordioa beste edozein akordio politikotatik bereizi behar zela, eta egiaztatu dugu hori ez dela horrela", gaineratu du. 

Iriartek gogorarazi du aurrekontu hauek "onartuta" zeudela EAJk eta PSE-EEk bazutelako nahikoa gehiengo aurrera egiteko, "baina ate bat ireki zitzaigun eta aukera bat eman zitzaigun hobekuntzak sartzeko; atea irekita ikusi dugunean aprobetxatu egin dugu, zalantzarik egin gabe".

Aitortu du ez direla "EH Bilduk egingo lituzkeen aurrekontuak, ez direla gure ustez herritarrek dituzten erronka handiei erantzuteko aurrekontuak, baina badakigu hobekuntzak sartzea lortu dugula eta horiek erantzun hobea ematen dutela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak herritarrek dituzten beharrentzako". 

Azaldu du, era berean, zein izan diren abstenitzea erabakitzeko irizpideak, eta esan du bi aukera zituztela "abstenitu eta aurrekontu horietan hobekuntzak sartzea, ala adostutako hobekuntzarik gabe uztea Osakidetza eta haren erabiltzaile eta langileak, energia krisiari aurre egin behar dioten pertsona eta kolektiboak, klima aldaketaren aurka egunero borrokatzen direnak, eta emantzipatu nahi duten gazteak, besteak beste". 

Horren aurren ez dute zalantzarik egin. Gainera pozik agertu da "eztabaidaren erdigunera" ekarri dituztelako "normalean eztabaidatan islarik izan ohi ez duten errealitate batzuk" etxerik gabekoen errealitatea, esaterako.

Prentsaren aurrean egindako agerraldian, Maddalen Iriartek aitortu du Eusko Jaurlaritzarekin lortutako akordioa datorren urteko aurrekontuetara mugatzen dela, baina Jaurlaritzaren "ateak irekita" jarraitzea espero duela, beste itun batzuk lortzeko.

Bien bitartean, EH Bilduk Jaurlaritzari "proposamen" bidezko oposizioa egiten jarraituko duela berretsi du, eta "herrialde gisa aurre egin behar zaien gaien inguruan akordio politikoak lortzeko" lanean jarraituko dutela, Nafarroan eta Madrilen egin duten bezala.

"Premiazko erantzuna eta akordio politiko zabalak behar dituzten gai horiek mahai gainean jartzen jarraituko dugu", gaineratu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;