Politika -

PARLAMENTO EN LAS ONDAS

Arreta guztia covid pasaportean ez jartzea eta prebentzioa indartzea eskatu du oposizioak

EAJk eta PSEk uste dute gauerdian indarrean sartu den neurria erreminta eraginkorra izango dela seigarren olatua geldiarazteko. Oposizioa ados dago, baina beste neurri batzuk ere eskatu dituzte, baliabide gehiago Osakidetzarako, adibidez.

Ekain Rico (PSE-EE) Radio Euskadiko estudioan.
Ekain Rico (PSE-EE) Radio Euskadiko estudioan.
Ekain Rico (PSE-EE) Radio Euskadiko estudioan.

play icon 54:13

ANE GOÑI | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiak, EAJ eta PSE, pozik agertu dira Radio Euskadiko Parlamento en la Ondas saioan Auzitegi Gorenak covid pasaportea ezartzea ahalbidetu duelako. Gauerditik covid pasaportea erakutsi beharra dago diskoteketan, dantza-aretoetan, ikuskizunak eskaintzen dituzten jai-aretoetan, musika-tabernetan eta karaokeetan, pub eta gaueko tabernetan (22:00etatik aurrera) eta 50 lagun baino gehiago sartzen diren jatetxeetan.

Jose Antonio Suso jeltzaleak tamalgarritzat jo du "Auzitegi Gorenera jo behar izatea" inguruan neurri bera arazorik gabe indarrean dagoen bitartean. Hala, Iparraldean, adibidez, covid pasaportea udatik martxan dagoela gogoratu du. Susoren esanetan, kutsatze asko izaten ari diren arren, "aurreko olatuak baino egoera hobean gaude".

Ekain Rico sozialistak, bere aldetik, "txertaketaren" garrantzia azpimarratu du, eta covid pasaporteak txertaketa areagotzen ere lagunduko duela uste du. Era berean,  "herritarrei erantzukizunez jokatzeko" eskatu die.

Kritikoagoak izan dira oposizioko bozeramaileak. Mikel Otero EH Bilduko ordezkariak azpimarratu du covid pasaportea "beste tresna bat" dela, baina kritikatu egin du Gobernuak arreta arreta osoa horretan jartzea eta "prebentzioarekin eta kontrol epidemiologikoarekin" lotutako beste gauza batzuk ez hobetzea. Ildo horretan, Osakidetza "gainezka" egiteko egoeran dagoela esan du Oterok, Eusko Jaurlaritzak "osasun-larrialdia bertan behera utzi bezain laster bilatzaileak erretiratu zituelako". Era berean, familia askok "familia eta lana uztartzeko" arazoak dituztela salatu du, 12 urtetik beherakoen artean kasuek gora egin dutelako.

Ion Hernandez Elkarrekin Podemos-EBko kidea bat dator Oteroren argudioekin. Salatu duenez, "dena ezin da covid pasaportearen esku utzi", eta pandemian zehar kontratatu ziren errefortzuko 4.000 osasun-langileen kontratuak etetea ez zen neurri egokia izan.

Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkidearen ustez, "covid pasaporteaz gain, beharrezkoak diren beste neurri batzuk ere badaude", eta "bilatzaileek, medikuek eta erizainek duten saturazioaz" ohartarazi du.

Carmelo Barrio popularrak, bere aldetik, Espainiako Gobernua kritikatu du, "pandemia kudeatzeko auzitegietara jo behar duten autonomia erkidegoak abandonatuta uztea" egotziz.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna plantilla Politika EAJ-PNV Gipuzkoa Gaixotasunak EH Bildu Araba PSE-EE berriak PP Araba Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Podemos Ahal Dugu Euskadi Vox COVID fokuak Ziurtagiri digitala Euskadin