Politika -
Durango
Durangon trena lurperatu ondoren libre gelditutako lursailetarako proiektu aurreakordioa lortu dute erakundeek
Eusko Jaurlaritzak eta Durangoko Udalak eraikinen tipologia elkarrekin definitzeko konpromisoa hartu dute. Eraikigarritasuna murriztuko da eta Udalaren jabetzakoa izango da trenbidea zaharraren trazadura osoa. Trukean Eusko Jaurlaritzari hainbat proiektutarako partzelak emango dizkio Udalak.
O.P. | Eitb Media
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Durangoko Udalak, trenbidea lurperatzearen ondorioz libre geratutako lursailetarako proiektu bideragarri baterako aurreakordioa lortu dute.
Bi erakundeek azaldu dutenez, hainbat bilera egin ostean, adostu duten aurreakordioarekin, eremuaren eraikigarritasuna heren bat inguru murriztuko da, eta eraikiko diren eraikinen tipologia, horien kokapena edo altuera, esaterako, bien artean zehazteko konpromisoa hartu dute.
Eraikigarritasunaren jaitsiera hori konpentsatzeko, udalak bere jabetzako Babes Ofizialeko Etxebizitzetarako eta Babes tasatuko Etxebizitzetarako zenbait partzela lagako dizkio Jaurlaritzari, hark Etxebizitza Publikoen Plan bat gara dadin bertan.
Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, uko egiten dio lurpeko merkataritza-galeriaren bigarren fasea eraikitzeari, bai eta hasiera batean lurperatzearen eremuan aurreikusitako ekipamenduetarako eraikinari ere, hura diseinatu zen uneari zegozkion inguruabarrak eta beharrak aldatu egin direlako. Agertoki horri esker, ahalik eta berdegune gehien egokitu ahal izango da trenbideak libre utzitako lurretan. Bestalde, Udalak Eguzkitzako industrialdearen etorkizuneko garapenean ekipamenduetarako lursail bat utziko dio Eusko Jaurlaritzari.
Modu berean, Udalak Eusko Jaurlaritzari lagako dio San Agustin komentuaren eta Pinondo Etxearen jabetza, birgaitzeko eta eraikin horietan beharra duten kolektiboentzako zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak eta Durangoko Udalak erabaki dutenez, trenbide zaharren trazadura osoa Durangoko Udalaren jabetzakoa izango da eta berak izango du urbanizatzeko ardura.
Bi aldeak bat datoz esatean aurreakordioak, alde batetik libre geratutako lursailak urbanizatzeko proiektua aldatzeko udalak duen asmoari erantzun egiten diola, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak herritarren borondateari erantzuteko duen asmoari, Durangon trenbidea lurperatzeko egindako inbertsioaren ondoren herritarren ondare-eskubideak kaltetu barik.
Orain, bi erakundeak hirigintza arloko kudeaketa-sistema adosten ari dira. Funtsean, BBPB-PERIa alda daitekeen edo beste bat onartu behar den erabaki beharko da.
Herri-galdeketa 2021eko martxoan
Aurtengo martxoaren 14an Durangon herri-galdeketa bat egin zen trena lurperatu ondoren libre gelditutako lurretan zer egin erabakitzeko. Boto-emaileen % 94,4k 'Peri 1 Trenbidea' proiektua (Barne Erreformarako Plan Berezia) geldiaraztearen eta herritarren parte-hartze prozesu bat ekarriko zuen alternatiba bideragarri bat aztertzearen alde egin zuen.