Politika -

Presoak

ETAren biktimek presoen hurbilketa babestu dute, legeak hala baimentzen duelako

Sarek antolatutako mahai-inguruan egin dute, eta indarkeriaren biktima guztientzako "aitortza eta justizia" eskatu dute.

ETAren biktimak Euskaldunan. Irudia: EITB Media.
ETAren biktimak Euskaldunan
Indarkeria desberdinen biktimak elkartu ditu Sarek Euskaldunan

4:54

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren hiru biktima, Robert Manrique, Naiara Zamarreño eta Rosa Lluch, ados agertu dira larunbat honetan presoak euren jaioterrietatik gertu dauden espetxeetara hurbiltzearekin, legeak ahalbidetzen duen urratsa delako.

Gaur arratsaldeko manifestazioak deitu dituen Sare ETAko presoen aldeko herritar sareak antolatutako mahai-inguruan egin dute hori, eta indarkeriaren biktima guztientzako "aitortza eta justizia" eskatu dute, baita GALek eta Estatuko Segurtasun Indarrek eragindakoentzat ere.

Manrique, Hipercorreko atentatuaren biktima; Rosa Lluch, Ernest Lluch ministro ohi Sozialistaren alaba, ETAk Bartzelonan hil zuena; eta Naiara Zamarreño, ETAk Errenterian hildako Manuel Zamarreño PPko zinegotziaren alaba, mahai-inguruan izan dira, baita Maider Garcia, GALek Hendaian (Frantzia) hil zuen Juan Carlos Garcia Goenaren alaba, eta Idoia Zabalza, Mikel Zabalzaren arreba, ere.

Lluchen esanetan, arauek presoak lekualda daitezkeela esaten badute, "ez dago ezer eztabaidatzeko".

Bestalde, Manriquek esan du espetxe araudia "betetzeko" dagoela. "Gaizkileak hurbiltzea gomendatzen bada, kasu honetan terroristak, ez dut arazorik. Hori bai, zigorra betetzen badute", ohartarazi du.

Zamarreñok esan du "zilegi" dela ETAko presoek "familiarengandik gertu egoteko duten eskubidea aldarrikatzea", eta "behin gizarteratzen direnean", "indarkeriaren lehen deslegitimatzaileak" izatea gustatuko litzaioke. "Preso ohiek egia jakiteko eskubidea duten biktima askoren zauriak sendatu ditzakete", ziurtatu du.

Hirurek salatu dute arduradun politikoek ETAren biktimak "instrumentalizatzen" dituztela. "Besteen minaren erabilera alderdikoi etengabea", Manriqueren hitzetan. "Gure izenean hitz egiten dute, baina inork ez digu galdetzen zer sentitzen dugun eta zer behar dugun", azpimarratu du Rosa Lluch PSOEko ministro ohiaren alabak.

Maider Garciaren arabera "Estatuaren biktimak erabat ahaztuta gaude", nabarmendu du GALen biktimak.

Ondoren, Idoia Zabalzak anaiaren kasua "ostrazismo" egoeran egon dela nabarmendu du. Haren gorpua 1985ean agertu zen Bidasoa ibaian, Guardia Zibilak atxilotu eta egun batzuetara.

Manriquek Euskadin indarkeria urteetan egindako krimenak "argitzeko" beharraz hitz egin du, "guztiak, ez bakarrik ETArenak", eta "zubiak eraikitzeko" beharraz. "Guk gertatutakoa berriro gerta ez dadin elkarrekin lan egitea da aurrera egiteko modurik onena", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Herriak eta Hiriak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa ETA Euskalduna Jauregia argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Bakea eta adiskidetzea Euskadin Terrorismoaren Biktimak GAL Polizia abusuen biktimak