Politika -

ESPETXE POLITIKA

Formazioa, tailerrak eta jarduera produktiboak, Aukerak presoak gizarteratzerako euskal agentziaren oinarriak

Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketa bere gain hartu zuenetik 100 egun bete diren honetan, lehen hiru hilabeteetan egindako lanarekin "pozik" mintzatu da Artolazabal sailburua. Hala ere, hobetzeko arloak badaudela onartu du.

Arabako espetxea. Artxiboko argazkia: Euskadi Irratia
Arabako espetxea
Arabako espetxea. Artxiboko argazkia: Euskadi Irratia

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Formazioa, tailerrak eta tailer produktiboak izango dira presoak gizarteratzerako Aukerak euskal agentzia berriaren oinarriak, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak asteazken honetan iragarri duenez.

Sailburuak emandako datuen arabera, gaur egun 346 preso ari dira EAEko hiru espetxeetan lanean; 223 berezko tailer produktiboetan eta 123, ostera, kanpoko enpresekin elkarlanean kudeatzen diren tailerretan. "Pertsona horiei lanbide trebetasunak, prestakuntza eta lan esperientzia garatzeko aukera emateak birgizarteratze prozesuak bultzatzen ditu", azaldu du.

Eusko Jaurlaritzak sei milioi euro inbertituko ditu gradu aurrerapenak lortzen dituzten eta zigorrak erregimen irekian betetzen ari diren eta baliabidek ez duten presoentzat egoitza plazak handitzeko.

Beatriz Artolazabal sailburuak agerraldia egin du gaur goizean, presoak gizarteratzerako Aukerak agentzia aurkezteko eta 2022an izango dituzten erronka nagusiak azaltzeko. Carlos Roy Aukerak agentziako zuzendariak ere parte hartu du ekitaldi horretan.

Artolazabalek agentzia berriaren logotipoa aurkeztu du. Tximeleta bat izango da eta "metamorfosia eta aldaketa" adierazten du.

Bestalde, Aukerak agentziako zuzendari den Carlos Roy "ilusionatuta" agertu da erronka horrengatik. Royk "bai prestakuntzan bai ekoizpen-tailerretan genero-ikuspegia txertatuko duen" ereduari buruz hitz egin du, eta esan du espero duela programa honetan Orientazio eta Akonpainamendu Integraleko Zerbitzua sortzea.

Aukerak agentziak urtarrilaren 1ean jarri zen abian, "lan prestakuntzaren bidez gizarteratzearen etorkizuna gainditzeko asmoz". Gasteizko Seminarioan egoitza duen agentziak presoei bigarren aukera bat eman nahi die.

Lehen 100 egunen balorazioa

Gaur bete dira 100 egun Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketa bere gain hartu zuenetik, eta Beatriz Artolazabalek gaurko agerraldia baliatu du balantzea egiteko.

Lehen hiru hilabeteetan egindako lanarekin "pozik" mintzatu da, baina "hobetzeko arloak" daudela ere aitortu du. "Gauza asko ditugu hobetzeko, baina hiru hilabetean lortu dugu eskumenen, plantillaren, erregelamenduen eta abarren aldaketa egitea, inolako eragin negatibo aipagarririk gabe", azaldu du.

Gaur egun 1.365 preso daude EAEko espetxeetan (1.251 gizon eta 114 emakume), bai erregimen arruntean (kartzela barruan), bai erregimen irekian, eta baldintzapeko askatasunean dauden beste 163 pertsona ere. Halaber, ETAko preso ohiak 84 dira. Horietatik 61 daude bigarren graduan, 14 erregimen irekian eta 9 baldintzapeko askatasunean. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Presoak argazkiak Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Albisteak EAEko Estatutua Espetxe politika