Itxi

2021/10/07

09:56

Gizartea

Elkarrizketa

Artolazabal: "Euskadi birgizarteratzea modu ezberdinean ari zen lantzen, orain hori bultzatu egingo dugu"

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak espetxeetako funtzionarioek egindako "lan profesional handia" goraipatu du eta iragarri bi urtez luzatuko dizkietela zituzten lan baldintzak.

0:37
Beatriz Artolazabal sailburua. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu duenez, "Euskadi ari zen birgizarteratzea modu ezberdinean lantzen", eta orain, Eusko Jaurlaritzak espetxeen kudeaketa bere gain hartu duela eta, "hori bultzatu eta hobetu egingo dugu presoek eskatzen dizkiguten aukera horiek emateko (lan gehiago, formazio gehiago...), hemendik ateratzen direnean akaso aurretik izan ez dituzten aukera horiek izan ditzaten".

Radio Euskadiren "Boulevard" saioari Bizkaiko espetxetik bertatik eskainitako elkarrizketa batean, Artolazabalek aitortu du eskuratu berri duten egitekoa "delikatua eta konplexua da", baina Sailak "ilusioz" hartu duela erantsi du.

Espetxeetako funtzionarioek orain arte egindako "lan profesional handia" goraipatu du sailburuak, eta iragarri du bi urtez luzatuko zaizkiela aurretik zituzten lan baldintzak. Are gehiago, antzinakotasuna EAEko gainerako funtzionarioenaren pare jarri zaiela jakinarazi du Artolazabalek. "Aldaketa ordenatu eta pausatua nahi genuen. Denbora hartu gure eredua ezartzeko", azaldu du.

Pablo Casadok egindako adierazpenei buruz galdetuta (Moncloara heltzekotan espetxeen eskumena Espainiako Gobernuaren esku jarriko duela berriro adierazi du aste honetan), "ikaragarrizko arduragabekeria" erakusten dutela erantzun du sailburuak. Itauna ere egin nahi izan dio PPko buruzagiari: "PP agintean egon zen urte horietan zergatik ez zioten Kataluniari kartzelen eskumena kendu?".

"Gobernura heldu nahi duen alderdi batek eta legeak errespetatzen dituela dioen batek halako iragarpenak egitea harrigarria iruditzen zait", esan du Artolazabalek, "batez ere, ez dakielako ezer ere egin nahi dugunaz; gauza batzuk ziurtzat hartzen ari dira, injustua eta larria iruditzen zait".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;