Politika -
Ustelkeria
EH Bildu: "Alonsotegikoa ez da kasu bakarra, EAJren politika ulertzeko modua da"
Koalizio subiranistak azaldu duenez, auzipetuek lapurtutako dirua, ia 900.000 euro, itzultzea lehenetsi dute.
Agentziak | EITB Media
EH Bilduk nabarmendu duenez, Alonsotegiko (Bizkaia) kasua "ez da kasu bakarra, EAJk politika eta zerbitzu publikoa ulertzeko duen moduaren egiaztapena da". Atzo baieztatu zen albistea: Jose Luis Erezuma EAJko alkate ohiak, Udalarentzat lan egiten zuen arkitektoak eta bi enpresarik ustelkeria delituak onartu dituzte eta lapurtutako dirua itzuliko dute. Auzipetuek Fiskaltzarekin eta herri akusazioarekin (EH Bildu) egindako akordio bat adostu zuten, epaiketa saihesteko.
Akordio horren balorazioa egin du koalizio subiranistak gaur prentsaurrekoan. Izaskun Duque EH Bilduko Bizkaiko batzarkide eta arduradun instituzionalak azaldu du lau auzipetuek egozten zitzaizkien delituak onartu (prebarikazioa, dokumentuak faltsutzea eta diru-laguntzetan iruzur egitea) eta bi urteko kartzela zigorrera —ez dira kartzelan sartuko— eta 10 urteko kargu publikorako gaitasun gabetzera zigortuko dituzte.
Gainera, ebatsitako ia 900.000 euroak (bidegabe hartutako 681.000 euroak eta 200.000 euroko interesak) itzuliko dituzte. Hori da, hain justu, epaiketa saihesteko EH Bilduk —zortzi urteko zigor eskaera egina zuen— jarritako baldintza: dirutza bueltatzea.
Duqueren esanetan, "honako hau ez da ustelkeria delituagatik ezarritako lehen zigorra, eta ez da lehen aldia EAJko alkatetzetan horrelako kasu bat argitara ematen dela EH Bilduk egiten duen lanari esker. Alonsotegikoa ez da kasu bakarra". Besteak beste, Lemoa eta Bakio udaletako kasuak edo De Miguel auzia aipatu ditu batzarkideak.
Azpimarratu duenez, "oraindik bada politika interes pribatuak edo entxufismoak baliatuta egiten duenik. Herri honetan sistematikoki gauzak horrela egin izan dira, ustelkeriarekin eta Alosontegikoa beste adibide bat baino ez da".
Horri kontrajarriz, EH Bilduk 0 ustelkeria kasu dituela nabarmendu du Duquek. "Beste batzuek ezin dute gauza bera esan", erantsi du.