Itxi

Politika

Radio Euskadi

Irene Montero, gutxieneko diru-sarreren eskualdatzeaz: "Akordioak bete egin behar dira"

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Besteak beste, Gasteizen agertu diren abortuaren kontrako kartelak kritikatu ditu Berdintasun ministroak. "Perbertsoa da, otoitz egiten egon arren jazartzen ari direlako". Unidas Podemoseko diputatua EAEn dago gaur.

4:09
Irene Montero

Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministro eta Unidas Podemosen 'bigarrena'k argi hitz egin du bizitzeko gutxieneko diru-sarreren eskualdatzearen inguruan sortu den polemikaz eta Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak atzo egindako ohartarazpenaz. Ministroaren berbetan, "akordioak bete egin behar dira" eta oraingo honetan ere hala izango delakoan dago.

Tankerako adierazpenak egin ditu lan erreformaren negoziazioaren inguruan ere. EAJk berak, zein EH Bilduk edo ERCk hura babesteko dituzten erreparoen inguruan galdetuta, Monterok uste du Espainiako Gobernuak "harkorra izan behar du eta entzuteko jarrerari" eutsi behar dio, "gehiengo aurrerakoi eta nazioanitzak ekarpen asko egin" ditzakeelako. Dena dela, "zuhur" agertu da negoziazioa Yolanda Diazek zuzentzen duelako.

Unidas Podemoseko diputatuak 2015etik dagoen gehiengoa balioetsi du, eta gogorarazi "asko kostatu dela Gobernuaren bazkide nagusiak ulertzea gehiengo horrekin Espainiako, Euskal Herriko eta Kataluniako gizarteak behar dituzten transformazio handiak egin daitezkeela".

"Horren alternatiba gobernu atzerakoi bat da, eskumakoa, eta ez da gai gizarte honek eskatzen dituen erronka feministei, ekologistei, lurraldekoei eta justizia sozialei aurre egiteko".

Radio Euskadiren "Boulevard" saioan eskainitako elkarrizketa batean, besteak beste Gasteizen agertu diren abortuaren kontrako kartelak hartu ditu jomugan. Berdintasun ministroaren hitzetan, "perbertsoa da, otoitz egiten egon arren jazartzen ari direlako".

Ministroaren esanetan, "ezin ditugu emakumeon oinarrizko eskubideak urratzen dituzten jarrerak zuritu (...) ezin da oinarrizko eskubide bat (erlijio askatasuna) erabili emakumeek euren gorputzen inguruan erabakia hartzeko duten eskubidea urratzeko".

Era berean, Tuteran Sara Pinaren hilketa matxistari buruz ere galdetu diote, tratu txarren aurrekaririk ez zegoela gogorarazita (hala izaten da krimen matxisten % 80an). Ministroaren irudiko, "aurretiazko atzematea eta prebentzioa" gako dira eta, hala, herritarrei galdegin die, "susmo txikiena izatekotan" emakume horiei laguntzeko. "Osasun etxeak, epaitegiak, eta zerbitzu sozialak ate seguruak dira emakumeentzat", azpimarratu du.

Elkarrizketaren ondoren, Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburuarekin bildu da ministroa.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena