Politika -
Lan erreforma
Aitor Esteban: "Azken momentura arte negoziatu dugu. Argudio sendoak genituen"
Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak "En Jake" ETB2ko saioan berretsi du azken unera arte negoziatzen aritu direla.
EITB MEDIA
Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak esan du azken unera arte negoziatu dutela: "Goizeko 08:00ak arte hitz egiten egon gara. Azkenean ez dira ausartu eta ez da posible izan".
Esteban 14:00ak baino minutu batzuk lehenago sartu da Diputatuen Kongresutik zuzenean, ETB2ko En Jake saioan, lan-erreforma baloratzeko. "Oker daude euren burua patronalaren gatibu eginda", esan du. Bere hitzetan, edukiari dagokionez ez zegoen arazorik, baina langileen egoera hobetze aldera aldaketa batzuk beharrezkoak ziren, eta horrek "ez luke inor gogaitu behar", gaineratu du.
"Aurretik ere ohartarazi genuen oztopoa izango zela, eta, beraz, begiratu egin behar zela, eta ez dute egin", azpimarratu du, eta aitortu du azken minutura arte saiatu direla. Gaineratu du Pedro Sanchezek dei bat egin diola gaur goizean bertan Andoni Ortuzarri.
"Lege-dekretu bidez Europar Batasunak jarritako baldintza bat bazen, orduan Europari esan ahal zitzaion ukitu batzuk egingo genituela, eta Europak ulertuko luke", azpimarratu du.