Politika -
Nafarroa
UPNren Berme eta Diziplina Batzordeak Sayasen eta Adaneroren egoera aztertzeari ekin dio
Alderdiaren zuzendaritzaren boto diziplina hautsi zuten bi diputatuek Batzordearen aurrean azalpenak eman beharko dituzte.
Agentziak | EITB Media
UPNren Berme eta Diziplina Batzordeak gaur ekin dio Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatuen egoera aztertzeari. Biek ala biek alderdiaren zuzendaritzak agindutakoaren kontra egin zuten lan erreformaren bozketan, boto diziplina hautsita. Afiliatuko batek salatu du auzia Batzordearen aurrean —hala zehazten du barne arautegiak— eta hor abiatu da prozesua.
Batzordeak modu independentean hasi du prozedura, alderdiaren zuzendaritzak, aurrena, eta Kontseilu Politikoak, gerora, euren diputatu aktak entregatu eskatu gorabehera.
Orain bi diputatuak deklaratzera deituko ditu Batzordeak, eta UPNren aginduei muzin eginda, lan erreformaren kontra zergatik bozkatu zuten argitu beharko dute.
Kontseilu Politikoak larunbatean egin zuen bilera, eta horren ondoren Sergio Sayasek berak azaldu zuenez, "askatasunagatik eta duintasunagatik" egin zuen lan erreformaren kontra. Gaur txio bidez azaldu du bere jarrera. Azken egunetan jasotako "babesa eta maitasun adierazpenak" eskertu ditu, eta honakoa bota du: "Politika hainbeste narriatu dugu ezen irizpidea edukitzeari transfugismoa deitzen diogun".
Ildo beretik mintzatu zen Carlos Garcia Adanero diputatua ere. Euren esanetan, lan erreforma babestu izan balute "Sanchezen, Bilduri esker Espainiako presidentea den, jarrera indartuko genukeen". Era berean, jasotako babesa eskertu du eta "konbentzituta eta lasai" agertu da.