Politika -

EPAIKETA

Iratxe Sorzabal ETAko buru ohiak salatu du torturapean jo zuela bere burua errudun

1996an Gijonen bi lehergailu jarri izana leporatuta ekin diote Sorzabalen aurkako epaiketari. Honek, baina, akusazio guztiak ukatu ditu eta azaldu du bost eguneko inkomunikazio aldian torturapean onartu zituela poliziaren aurrean egintzak.

Iratxe Sorzabal Espainiako Auzitegi Nazionalean
Iratxe Sorzabal Espainiako Auzitegi Nazionalean
Iratxe Sorzabalen kontrako epaiketa hasi da, torturapean eginiko autoinkulpazio batean oinarrituta

1:23

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Auzitegi Nazionala Iratxe Sorzabal ETAko buru izandakoa epaitzen hasi da gaur, 1996an Gijonen bi lehergailu jarri izana leporatuta. Sorzabalek, ordea, akusazio guztiak ukatu ditu, eta epailearen aurrean salatu du Guardia Zibilaren torturen infernutik ateratzeko jo zuela bere burua errudun inkomunikazio aldian.

Goizeko 10:30ak aldera hasi da Sorzabalen aurkako epaiketa Madrilen. 1996. urtean ETAk Gijonen egindako bi atentatuengatik 46 urteko kartzela zigorra eskatzen du Fiskaltzak.

Sorzabalek, baina, akusazio guztiak ukatu ditu eta azaldu du bost eguneko inkomunikazio aldian torturapean onartu zituela poliziaren aurrean egintzak. "Torturatu eta deklarazio horiek egitera behartu ninduen", azaldu du.

1997ko udara arte ETAko taldean sartu ez zela eta erasoetan parte hartu ez zuela esan du Sorzabalek. Ordura arte informazio lanak egitera mugatu zela ziurtatu du akusatuak, Irun eta Hendaia arteko mugan kontrolak zeuden ala ez egiaztatzera, alegia. "Ez naiz sekula Gijonen egon, ezta Asturiasen ere", azpimarratu du.

"Ez naiz sekula Gijonen egon, ezta Asturiasen ere"

2001eko atxiloketaren ostean aske geratu eta Frantziara ihes egin zuela kontatu du. Orduan ETAn sartu zen, 2015ean atxilotu zuten arte.

Bestalde, Espainiako Poliziako inspektore buru batek azaldu duenez, 2002an Castreseko (Frantzia) etxe batean Iratxe Sorzabalen eskuidatzi bat topatu zuten, non 2001ean Guardia Zibilaren aurrean aitortutako gauza bera azaltzen zuen.

Gutuna idatzi zuela onartu du Sorzabalek, baina erakundeari bere burua errudun jotzera eta beste pertsona batzuei errua egoztera eraman zuten torturen berri emateko izan zela zehaztu du.

Auzitegi Nazionaleko ateraino EH Bilduko ordezkaritza bat hurbildu da. Jon Iñarritu diputatuak komunikabideen aurrean esan du badela garaia gisa horretako epaiketekin amaitzeko.  "Gogoratu beharra dago torturapean egindako autoinkulpazio batean oinarritutako akusaziopean deklaratuko duela Sorzabalek", nabarmendu du. "Onartezina da", esan du.

Gainera, Iñarrituk azpimarratu du ez dela baldintza horietan epaitzen duten lehenengo aldia. "Eusko Jaurlaritzak egindako txosten batek erakusten du 5.000 pertsonatik gora torturatu dituztela", adierazi du.

Gaurko saioa 12:00ak aldera amaitu da, eta bihar jarraituko dute epakietarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika ETA Epaiketak bideoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Polizia indarkeriaren kasuak