Politika -

Euskadi Irratia

Arkaitz Rodriguez: "Ertzaintza oso urrun dago euskal polizia demokratiko eta prebentibo bat izatetik"

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak atzo esandakoei erantzun die, modu horretan Sortuko idazkari nagusiak. Halaber, UPNrekin gertatutakoaz, kritikatu du "Nafarroa trukerako txanpon gisa" erabili dutela bai PSOEk zein alderdi erregionalistak.

Rodriguez, aurreko elkarrizketa batean. Argazkia: EITB Media
Rodriguez, aurreko elkarrizketa batean.
Rodriguez, aurreko elkarrizketa batean. Argazkia: EITB Media

play icon 25:11

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak estu hartu du Ertzaintzaren jarduna, 40. urte bete dituen honetan, eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak atzo Radio Euskadin egindako kritikei erantzun die: "Gu euskal polizia baten aldekoak gara: demokratikoa, prebentiboa, euskalduna… baina zoritxarrez, eredu horretatik oso urrun dago Ertzaintza".

Erkorekaren irudiko, "ezker abertzaleak egitekoa du oraindik Ertzaintzarekin duen harremanean". Sorturen idazkari nagusiaren ustez, ordea, Ertzaintzaren baitan "depurazioa, hausnarketa eta eztabaida sakona egitea ezinbestekoa da". Salatu duenez, "pandemian zehar ikusi ditugu agenteak sindikalistak jotzen, CCOOren Bizkaiko arduraduna borrakada batez sudurra apurtzen, langileak jotzen eta baketsuki mobilizatzen ari ziren gazteak jipotzen eta Boulevardetik lasai-lasai paseatzen ari zen gazte bati matraila hausten".

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, EH Bilduko legebiltzarkidea ere badenak lan erreformaren bozketan gertatutakoa ere aztertu du. Horren hitzetan, "oso nabarmen geratu da ezkerreko politikoak egiteko eta demokraziaren bidean aurrera egiteko, ezkerreko independentistak behar direla (...) Espainiako Gobernuak egin ditu beste saiakera batzuk, Ciudadanosekin eta, baina ikusia dago horrek ez duela ibilbide luzeegirik. Inbestiduraren gehiengo hori izan behar da oinarria, ez eskuina".

UPNrekin gertatutakoa hizpide, Rodriguezek salatu du bai PSOEk eta bai alderdi erregionalistak "Nafarroa trukerako txanpon gisa" erabili dutela eta PSN "PSOEren sukurtsal soila" izan dela, "hori gogoan hartu behar dugu", erantsi du. Hala ere, Rodriguezek ziurtatu du Sortuk "borondate sendoa" duela eskuinaren alternatiba eraiki eta indartzeko. 

Azkenik, Iratxe Sorzabal ETAko buru ohiak egindako tortura salaketaren harira, Sortuko idazkari nagusiak esan du "ikaragarria" dela horiek oinarri hartuta epaitzen ari direlako. Gainera, kritikatu du klase politikoa eta komunikabideak "oso sentiberak" direla biktimekiko, baina "sentikortasun barik" azaltzen direla Estatuaren biolentzia jasan dutenekiko. "ETAko militanteek eta hori ez izanda ere espetxean urte luzez egon direnak ordaindu dute egindakoa, baina zenbat ordaindu dute Estatuaren indarkeriaren arduradunek, frankistek edo torturaren erantzule eta arduradun politikoek", galdetu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
lan erreforma Berriak Politika Ertzaintza Sorturen albisteak Eusko Legebiltzarra argazkiak Alderdi politikoak albisteak EH Bildu Gipuzkoa Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Euskadi Irratia