Politika -

PP

Ustelkeriaren aurkako Fiskaltza Ayusoren anaiak kobratutako kontratua ikertzen ari da

Mas Madrid, PSOE eta Unidas Podemos Madrilgo indar politikoek dokumentazio gehiago aurkeztuko dute asteazken honetan, Isabel Diaz Ayusoren anaiak kobratutako "beste hiru faktura" ikertzeko eskatuz.

EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo erkidegoak Isabel Diaz Ayuso presidentearen anaiarekin zerikusia duten enpresa bati Txinan musukoak erosteko kontratua eman zion pandemia hasieran. Ayusoren anaiak 55.000 euro kobratu zituen trukean. Orain Fiskaltzak ikerketa abiatzea erabaki du, operazioan delitu zantzuak ote dauden argitzeko.

Madrilgo Asanbladako Mas Madrid, PSOE eta Unidas Podemos ezkerreko indar politikoek gertakariak salatu zituzten. "Balizko delituak Fiskaltza Berezi honen eskumena dira, eta garrantzi handiko gertakariak dira", azaldu du Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak ebazpenean.

Iragan ostiralean, Pablo Casado PPko buruzagiaren eta Madrilgo presidentearen arteko krisiak eztanda egin zuenean, Asanbladako hiru indar politikoek banan-banan salaketak aurkeztu zituzten Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzaren aurrean. Priviet Sportive enpresari 1,5 milioi euroko kontratua "nahierara" esleitu ziotela salatu zuten. Era beren, konpainiak Tomas Diaz Ayusori 55.000 euro ordaindu zizkion, koronabirusaren lehen olatuan zehar Txinan musukoak lortzearen truke.

Nahiz eta salaketei "zehaztasun falta" egotzi, "ikerbidea abiatzea bidezkoa da, hasiera batean pertsona fisiko edo juridikoen aurka egin gabe, salatutako gertakarien garrantzi penala baieztatzeko ala baztertzeko", azpimarratu du Fiskaltzak.

Zentzu horretan, Mas Madrid, PSOE eta Unidas Podemos Madrilgo Asanbladaren ezkerreko indar politikoek dokumentazio gehiago aurkeztuko dute asteazken honetan, Isabel Diaz Ayusoren anaiak kobratutako "beste hiru faktura" ikertzeko eskatuz.

Bestalde, Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko bozeramaileak PP bizitzen ari den barne krisia hizpide izan du. Alderdia "ustelkeria" eteteko "gai ez izateak" Gobernua kezkatzen duela erantsi du bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Espainia Alderdi politikoak Salaketak Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Madril