Politika -
Eusko Legebiltzarra
EAJ irabazle, EH Bilduren eta PSE-EEren gorakadarekin, Soziometroaren arabera
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak orain egingo balira, EAJk irabaziko lituzke (31), aurrekoetako eserleku kopuru berarekin. EH Bilduk (22) eta PSE-EEk (12) gora egingo lukete, eta PPk (5) Elkarrekin Podemos (4) aurreratuko luke.
Mikel Dominguez | EITB Media
Soziometroaren arabera, Eusko Alderdi Jeltzalea izango litzateke Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako irabazlea, orain egingo balira, eta Euskal Herria Bilduk eta Alderdi Sozialistak aurrekoetan baino eserleku gehiago eskuratuko lituzkete.
EAJk emaitza berberak errepikatuko lituzke, 31 eserlekurekin. EH Bildu bigarren izango litzateke, 22 legebiltzarkiderekin (1 gehiago). PSE-EEk ere hobera egingo luke, 12 eserlekurekin (2 gehiago).
PPk 5 legebiltzarkide izango lituzke (PP+Cs koalizioak baino 1 gutxiago), eta bosgarren indarra izatetik laugarrena izatera igaroko litzateke. Elkarrekin Podemosek, ordea, 4 eskuratuko lituzke (2 gutxiago), kontrako bidea eginez.
Vox berdin geldituko litzateke, eserleku batekin.
Orian egingo balira EAEko hauteskundeak, betiere Soziometroaren arabera, EAJ hiru lurraldeetan izango litzateke garailea, baina Gipuzkoan EH Bildurekin berdinduta egongo litzateke eserleku kopuruan.
Hona hemen eserleku kopurua lurraldez lurralde:
- Araba: EAJ (9), EH Bildu (6), PSE-EE (5), PP (3), Elkarrekin Podemos (1) eta Vox (1).
- Bizkaia: EAJ (12), EH Bildu (6), PSE-EE (4), Elkarrekin Podemos (2) eta PP (1).
- Gipuzkoa: EAJ (10), EH Bildu (10), PSE-EE (3), Elkarrekin Podemos (1) eta PP (1).