Politika -
UKRAINAKO GERRA
Abian da errefuxiatu ukrainarrek euren egoera legeztatzea eskatzeko epea
Europar Batasunak duela egun gutxi aktibatu duen direktiba bati esker, gutxienez urtebeteko babesa emango zaie ukrainarrei eta Ukrainan bizitzeko baimena zuten atzerritarrei. Bizitzeko baimena ez ezik, osasun arreta eta hezkuntzara sarbidea bermatuta izango dituzte denbora horretan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Otsailean Ukrainako gerra hasi zenean Espainian egoera irregularrean zeuden ukrainarrek egoitza-baimena eskuratu ahal izango dute, Europar Batasunak duela aste pare bat aktibatu zuen direktiba bati esker. Gerratik ihes egin eta Espainiako Estatura iristen diren ukrainarrei ere aplikatuko zaie. Helburua egoera erregularizatzea da.
Iragan astean onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak zuzentarau hori ezartzea eta horren aplikazio eremua zabaltzea.
Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko bozeramaileak prentsaurrekoan azpimarratu zuenez, 2001ean Europar Batasunak onartu zuen direktiba bat baliatuko dute pertsona horiei guztiei babesa emateko. Bizitzeko baimena ez ezik, osasun arreta eta hezkuntzara sarbidea bermatuta izango dituzte.
Hala, gutxienez urtebeterako babesa izango dute Ukrainako gerra hasi zenetik herrialdetik ihes egin dutenek eta aurretik Espainian zeuden eta Ukrainara itzuli ezin direnek, egoitza-baimena izan ala ez.
Halaber, babes hori jasotzeko eskubidea izango dute Ukrainan bizi ziren ukrainarrek, Ukrainan bizileku baimena zuten atzerritarrek eta horien guztien bikotekideek eta seme-alabek.