Politika -
Martxoak 3 elkartea
Martxoak 3 elkarteak azalpenak eskatu dizkio PSOEri biktimen eskubideak bermatzeko "beste mekanismoei" buruz
PSOEren "koherentzia eza" eta "hipokresia" salatu ditu Martxoaren 3ko sarraskiaren biktimen elkarteak, ikerketa batzordea eratzeari uko egin baitiote sozialistek.
EITB MEDIA
Martxoak 3 elkarteak PSOEri eskatu dio azal dezala zein diren 1976ko martxoaren 3ko sarraskian hildako pertsonen eskubideak bermatzeko "beste mekanismoak". Egun hartan bost langile hil zituen Poliziak, eta ehunka lagun zauritu.
Komunikabideei bidalitako ohar batean, Martxoak 3k gogor kritikatu du duela 46 urte Gasteizen izandako sarraskia ikertzeko batzordeari Kongresuak uko ein izana.
Atzokoan, azkenean ez zen aurrera atera 1976an Arabako hiriburuan izandako hilketak ikertzeko batzordea. Diputatuen Kongresuko Bozeramaileen Batzordeak baztertu egin zuen EH Bilduk eta ERCk ikerketa komisio hori sortzeko egindako eskaera. Agerraldian, Hector Gomez bozeramaile sozialistak, ezezko botoa justifikatu nahian-edo, arrazoitu zuen batzorde hori ez dela "erraminta egokiena", hots, "beste mekanismo batzuk" bilatu behar direla.
Horren aurrean, PSOEren "koherentzia eza" eta "hipokresia" salatu ditu Martxoaren 3ko sarraskiaren biktimen elkarteak. Izan ere, duela egun batzuk lore eskaintza egin zuten biktimak oroitzen dituen monolitoan.