Politika -

Ustelkeria

Ayusotarren maskaren kontratuari buruzko ikerketaren ardura eskatu du Europako Fiskaltzak

Kontratu horrekin Europako funtsak bidegabe erabiltzearen delitua egin ahal izan dela uste du Fiskaltza europarrak, eta, horregatik, dokumentazioa eskatu dio Espainiako Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzari.

Isabel Díaz Ayuso. EFE
Isabel Díaz Ayuso. EFE
Isabel Díaz Ayuso. EFE

Agentziak | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Fiskaltzak Espainiako Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzari eskatu dio Madrilgo Erkidegoak pandemian maskarak erosteko sinatutako larrialdi-kontratuaren ondorioz irekitako eginbideak bere gain hartzeko. Kontratu hori Isabel Díaz Ayusoren anaia Tomas Diaz Ayusorekin lotuta zegoen, eta 55.000 euro kobratu zituen hark kontratu horrengatik.

Joan den otsailaren 22an, Alejandro Luzon Ustelkeriaren aurkako fiskalburuak ikerketa bat abiarazi zuen maskarak erosteko 1,5 milioi euroko kontratu horretan delitu zantzurik dagoen argitzeko.  

Orain, Europako Fiskaltzak Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzari irekitako eginbideen ardura eskatu dio, kontratu horrekin Europako funtsak bidegabe erabiltzearen delitua egin ahal izan dela uste baitu, kontratu hori Europako 'Feder' funtsekin ordaindu zela kontuan hartuta.

Kontsultatutako iturri fiskalek adierazi dutenez, Fiskaltza espainiarrak ezin dio uko egin bildutako dokumentazioa bidaltzeari. Uste dute Europako Fiskaltzak prozedura ireki dezakeela dirua bidegabe erabili ote den ala ez ikertzeko, Espainiako Ministerio Publikoa ez da horretan sartuko. Dena den, Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak adierazi dio europarrari, ez dutela delitu horren zantzurik ikusten, maskarak ordaindu eta entregatu egin zirelako.

Hala ere, Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak ez dizkio Europakoari bidaliko kasuarekin lotutako gainerako delituen inguruko dokumentaziorik -influentzia-trafikoarekin,  fakturaren faltsutzearekin, prebarikazioarekin eta funtzionarioei debekatutako negoziazioekin lotutakoak-, ez dutelako Europako funtsekin zerikusirik. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi Popularra Europa bideoak Iruzurrak Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Madril Maskarak