Politika -
Laguntzak
Neurrien berri emateko bost minutuko elkarrizketa soilik izatea aurpegiratu dio EAJk Espainiako Gobernuari
"Harremanetan jarri. Horixe bakarrik: kontaktatu. Bost minutuko telefono elkarrizketa izan dugu gaur goizean", idatzi du Aitor Esteban Kongresuko EAJren bozeramaileak Twitter sare sozialean.
Agentziak | EiTB Media
Bost minutuko elkarrizketan soilik krisiari aurre egiteko neurrien berri ematea aurpegiratu dio EAJk Espainiako Gobernuari. Gainera, bihar Ministroen Kontseiluan onartu beharreko neurrien inguruko xehetasunik ez ematea deitoratu dute jeltzaleek.
"Harremanetan jarri. Horixe bakarrik: kontaktatu. Bost minutuko telefono elkarrizketa izan dugu gaur goizean. Orain komunikabideen bidez informatzen ari naiz presidenteak agerraldian azaldutakoaz", idatzi du Aitor Esteban Kongresuko EAJren bozeramaileak Twitter sare sozialean.
"Orain bai" Espainiako Exekutiboak aplikatu nahi dituen neurrien inguruko "xehetasunak ematen" hastea baloratu du Estebanek. Hala ere, EAJrekin harremana izateko modua kritikatu du jeltzaleak.
Goizean Exekutiboa EAJrekin telefono bidez harremanetan jarri dela zehaztu du Estebanek, nahiz eta Gobernuko iturriek esan Felix Bolaños Presidentetzako ministroak asteburuan bozeramaile parlamentarioei deitu diela.
Espainiako Exekutiboaren hitzetan, asteburuko eta goizeko elkarrizketetan neurriei "harrera ona egin diete talde politikoek, eta tonu konstruktiboa izan da".