Politika -

Bake eta bizikidetza

Foro Soziala: "ANn tapoi handi bat ari dira sortzen presoak birgizarteratzeko ibilbideak oztopatzeko"

Agus Hernanek adierazi duenez, Fiskaltzak Kartzelako Zigor Batzordeen "aldeko" txostenei "sistematikoki helegitea aurkezten" die. Teresa Todaren ahotan, "espetxe politikako aurrerapausoen aurkako lobbyaren presioa dago".

Agus Hernan eta Teresa Toda Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariak. Argazkia: Foro Soziala
Agus Hernan eta Teresa Toda Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariak. Argazkia: Foro Soziala
Agus Hernan eta Teresa Toda Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariak. Argazkia: Foro Soziala

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariaren hitzetan, "Auzitegi Nazionalean tapoi handi bat ari da sortzen pertsona presoak birgizarteratzeko ibilbideak oztopatzeko, nahiz eta legedia arruntaren arabera, gertatu beharreko dinamika izan".

Horrela, Foro Sozial Iraunkorrak Bilbon salatu duenez, "dozenaka" espetxe baimen eta hirugarren gradu ukatu dizkiete ETAko presoei espetxeratuen zaintzako epaitegian.

Foro Sozialak Behatokiaren monografiko bat aurkeztu du. Martxoaren 25eko txostenaren arabera, 76 baimen eta gradu aldaketa ukatu dizkiete 34 presori.

Hernanek esan duenez, "orain arte sekula ikusi ez dena gertatzen ari da"; izan ere, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Kartzelako Zigor Batzordeen "aldeko" txostenei "sistematikoki helegitea aurkezten" die.

Teresa Toda Foro Sozialeko ordezkariaren ahotan, "espetxe politikan eta elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan aurrerapausoen aurkako lobbyaren presioa dago, ETAko biktimen elkarte zehatz batzuk eta Espainiako eskuinaren interes politikoak nahasten dituen lobbya".

Todak azpimarratu duenez, "lobbyak ezin izan ditu Pedro Sanchezen Gobernuak abiatutako aldaketak gelditu, baina bai moteldu, batez ere gradu progresioaren bigarren fasean eta birgizarteratzean".

Foro Sozialeko ordezkariek ohartarazi dutenez, presoen eta ingurukoen "frustrazioa" sortzen ari da. "Frustrazio horrek ez du laguntzen iragana ez errepikatzeko bermeak sortzen, giza eskubideen ikuspuntutik", erantsi dute.

"Ideia murriztailea"

"Erregimen irekian egotea zigorra betetzen ez jarraitzearen ideia murriztailea dago atzean", deitoratu du Todak.

Zentzu horretan, "ETAkoak izan ziren pertsona preso guztiek zigorrak bete dituzte, eta salbuespeneko baldintzetan. Legedia arruntak aurreikusitako bidea da hirugarren gradua, Espainiako Konstituzioaren 25. artikuluko espiritua indartzeko, birgizarteratzea", ziurtatu du.

Behatokiaren txostenak Emilio Olabarria EAJko diputatu ohi eta legelariaren artikulu bat jasotzen du. Preso batzuen gradu aldaketa ukatzearen inguruan zera dio: "bake testuinguru batean eta ETA desagerturik dagoela, balorazio horiek ulertzen zailak dira, terrorismoaren biktimen elkarteren batek soilik txalotzen ditu, alderdi politikoren baten iritzia edo alderdi politikoa elkarte horien apendizea ote den ez dakigu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Espetxeak