Politika -
Auzitegi Nazionala
Marisol Iparragirrek 70 urteko espetxe-zigorra onartu du bi polizia Gasteizen hiltzeagatik
ETAko buruzagi ohiak zigor luzeak pilatu ditu dagoeneko Auzitegi Nazionalean. Jadanik hamar epaiketa egin dizkiote Espainian, Frantziak 2019an entregatu zuenetik.
Agentziak | EiTB Media
Marisol Iparragirre ETAko buruzagi ohiak 70 urte eta 8 hilabeteko espetxe-zigorra onartu du ostegun honetan, Auzitegi Nazionalean. 1987an, Gasteizko Armentiaganan egindako erasoan parte hartu izana aitortu du Iparragirrek. Atentatuan bi polizia hil zituzten.
Epaiketan onartu ondoren, fiskalak 80 urteko espetxealdia eskatu beharrean, 70 urte eta 8 hilabeteko zigorra onartu du. Terrorismoaren Biktimen Elkarteko akusazioa eta Iparragirreren abokatua ados agertu dira.
Polizia bakoitzaren alargunari 500.000 euroko kalte-ordaina ematea onartu du ETAko buruzagi ohiak, baita horietako bakoitzaren bi seme-alabei ere. Era berean, erasoan zauritu zuten beste emakume bati ia 12.000 euroko kalte-ordaina pagatzea onartu du.
Marisol Iparragirrek ETA desegiteko agiriari ahotsa jarri zion, Josu Urrutikoetxearekin batera. Erakunde armatuko buruzagi ohiak zigor luzeak pilatu ditu dagoeneko Auzitegi Nazionalean. Gaurkoarekin jadanik hamar epaiketa egin dizkiote Espainian, Frantziak 2019an entregatu zuenetik.
Auzi gehienetan zigortu dute, mendeetako zigorra pilatuz. Azken epaiketetan Fiskaltzarekin akordio batera iritsi da akusazioak onartuz, 1997an, Bilbon, Guggenheim Museoaren inaugurazioan Juan Carlos erregea hiltzeko agindua eman izana esaterako.
Orain, 1987ko abuztuaren 6an Gasteizko Armentiaganan bi polizia hil zituen lehergailua distantziara zartarazteagatik zigortuko dute.