Politika -
BILERA ERRONDA
Urkulluk PP+Cs koalizioarekin hasiko du gaur Ukrainako gerrak eragindako krisia aztertzeko bilera erronda
Asteartean, Elkarrekin Podemos-IUko, EH Bilduko, PSE-EEko eta EAJko ordezkariekin bilduko da, eta ostiralean, apirilak 8, gai honi buruzko osoko monografikoa egingo da Eusko Legebiltzarrean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakaria Legebiltzarreko talde parlamentarioetako ordezkariekin bilduko da aste honetan, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren sortutako krisiak eragindako egoera aztertzeko eta erakundeek egoera horri aurre egiteko abiatu dituzten ekintzen inguruko errepasoa egiteko. Gainera, Berpiztu plan bereziaz eta Jaurlaritzak aurreikusitako inbertsio estrategikoen planaz ere arituko da bilerotan.
Gaur, hilak 4, Carlos Iturgaizekin (PP+Cs) bilduko da, 18:00etan, Ajuria Enean. Voxeko ordezkaria ere deitu zuen, baina ez da harekin bilduko, Voxek uko egin baitio lehendakariarekin biltzeari, "Ukrainako inbasioaren errealitateak aitortzen ez dion protagonismoa eskuratzeko helburua besterik ez baitu lehendakariak", Voxen iritziz.
PPko buruak, berriz, jarrera "eraikitzailez" joango direla esan du, eta euren proposamenak helaraziko dizkiola, zergak jaistea, esate baterako.
Asteartean, hilak 5, Elkarrekin Podemos-IUrekin, EH Bildurekin eta Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiekin (PSE-EE eta EAJ) elkartuko da.
EH Bilduk iragarri du proposamen zehatzak proposatuko dizkiola Urkulluri, "erantzukizunez" egindakoak eta "herritarrak babestera bideratutakoak". Iriartek aste honetan berretsi du koalizioa prest dagoela Jaurlaritzarekin akordioak lortzeko, egungo "larrialdi egoera" honi erantzun egokia emateko.
Legebiltzarrak ez zuen ostegunean adostasunik lortu Ukrainako krisiaren aurrean
Ostegunean, osoko bilkura izan zen Legebiltzarrean gai honen inguruan, baina talde parlamentarioek ez zuten jarrera bateraturik lortu Ukrainaren inbasioak eragindako krisiaren ondorio ekonomikoak arintzeko erakundeek bultzatu beharreko neurrien inguruan.
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk proposamen bana egin zuten Ukrainaren inbasioaren aurrean sortutako arazo ekonomikoei aurre egiteko, baina bat bera ere ez zen aurrera atera. Bai, ordea, EAJren eta PSE-EEren alternatiba, euren babesarekin bakarrik eta gainerakoen abstentzioarekin.
Gai horretaz gain, lehendakariak ostiralean Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek Berpiztu Plan Bereziaren betetze-mailari buruz egin zuten balorazio-hausnarketaren berri eman nahi die Legebiltzarreko ordezkariei. Horrekin batera, Jaurlaritzak onartu nahi duen inbertsio estrategikoen plan instituzionalaren oinarriak ere azalduko dizkie.
Urkulluk lau hilean behin euskal alderdietako ordezkariekin biltzeko hartu zuen konpromisoaren barruan kokatzen dira datorren asteko bilerak.
Ukrainaren inbasioaren ondoren sortutako egoera aztertzeko, osoko bilera monografikoa egingo du Eusko Legebiltzarrak apirilaren 8an.