Politika -
EUSKO JAURLARITZA
Zupiria: "Zorpetzeak eragin du soberakina eta erreserba-funtsa da"
Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen arabera, diru-bilketaren jaitsierari aurre egiteko, zorpetzea murrizteko eta inbertsio planak sustatzeko baino ezin dira erabili soberakin horiek, eta hori da, hain justu, "Jaurlaritza egiten ari dena".
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, zorpetzeak eragin duela soberakina, eta erreserba-funtsa da. Zentzu horretan, "diru-bilketaren jaitsierari aurre egiteko, zorpetzea murrizteko eta inbertsio planak sustatzeko soilik" bideratzen direla nabarmendu du, eta "hori da gobernu hau egiten ari dena", gaineratu.
Aurreko astean, Jaurlaritzak 1.877 milioi euroko soberakina zuela jakin ondoren, Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan Zupiriak azaldu duenez, "pandemiaren ondorioz bizitzen ari ginen zailtasun-egoerari aurre egiteko ahalbidetu zuen Europar Batasunak zorpetzea, eta horrek erreserba-funts bat egotea ahalbidetu du". Zorpetzeak "gure gastu eta inbertsioetarako erakundeok erabili dezakegun dirua handiagoa izatea" ekarri du, horren hitzetan.
Zupiriaren arabera, baina, "diru-bilketaren jaitsiera bati aurre egiteko, zorpetzea murrizteko eta inbertsio planak sustatzeko baino ezin dira erabili soberakin horiek, eta hori da Eusko Jaurlaritza hilabete hauetan egiten ari dena".
Era berean, Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, "ez da gastu gutxiago egin osasun, hezkuntza edo gizarte politikak alorretan; alderantziz". Hala, kaltetutako hainbat sektoreri laguntza zuzenak emateko neurri bereziak hartu direla gaineratu du, eta inbertsio plan bereziak egin direla; tartean, Berpiztu plana eta erakunden arteko plan berezia. "Gainera, zorretan hartutako diru publiko hori bueltatu egin beharko da", azaldu du.