Politika -
Ustelkeria
Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak tramitera onartu du musukoen bi komisionistaren kontrako kereila
Luis Medina Abascalek eta Alberto Javier Luceñok pandemiaren hasieran Madrilgo Udalari osasun-materiala saldu ziotenean maula astundua egin, dokumentuak faltsutu eta kapitalak zuritu zituztela uste du Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak
Agentziak | Eitb Media
Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak tramitera onartu du Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak Luis Medina Abascal eta Alberto Javier Luceño enpresaburuen aurka jarritako kereila, pandemiaren hasieran Madrilgo Udalari osasun-materiala saltzean maula astundua, dokumentuak faltsutzea eta kapitalak zuritzearen delituak egin zituztelakoan.
Fiskaltzaren dokumentuaren arabera, Luceñok eta Medinak (Feriako dukearen eta Naty Abascalen semeetako bat) 6 milioi euro baino gehiago poltsikoratu zituzten maskara, test eta eskularru kontratuen komisio gisa. Udalak 11,9 milioi euro ordaindu zituen material guztiagatik. Produktuen hasierako saltzaileek eskatutakoa baino askoz prezio garestiagoan saldu ziren gero produktu horiek eta, gainera, eskaintzan agindutakoa baino kalitate eskasa zuten.
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzaren datuen arabera, komisioen diruarekin gama altuko hainbat auto erosi zituzten ikertuek, horien artean Ferrari 812 Superfast bat 355.000 euroren truke, Lamborghini Huracan Evo Spider bat 299.999 euroren truke eta McLaren 720S bat 250.000 euroren truke, baita etxebizitza bat ere Pozuelo de Alarcon udalerrian (Madril) 1,1 milioi euroren truke eta yate bat 325.515 euroren truke.
Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, laster, instrukzioaren esparruan erabakiko diren beste eginbide batzuen artean, magistratuak deklarazioa hartuko die bi kereilatuei, bai eta egitateak argitzeko beharrezkoak diren lekukoei ere.