Politika -
Elkarrizketa ETB-n
EAk gizarteratze plana kritikatu eta ETArekin hitz egitea eskatu du
Peio Urizarrek gogora ekarri duenez, "Irlandan gatazka konpontzeko, Britainia Handiko Gobernua ohartu zen mahai inguruan eseri behar zuela".
Erredakzioa
Peio Urizar Eusko Alkartasunaren idazkari nagusiak esan du presoak gizarteratzeko Barne Ministerioak iragarritako planak ez duela "presoen gaia konponduko".
Urizarrek azpimarratu du ETAk "desagertu beharra" duela, baina prozesu horretan presoen gaia jorratu behar dela, eta horretarako Gobernuaren eta ETAren artean "elkarrizketa teknikoa" eman beharko litzatekeela.
"Gobernuak ez du fase horretan sartu nahi, baina Irlandan gatazka konpontzeko, Britainia Handiko Gobernua ohartu zen mahai baten inguruan eseri behar zuela", adierazi du Urizarrek ETBren 'Egunon Euskadi' saioan egindako elkarrizketa batean.
Hala eta guztiz ere, EAren buruzagiak esan du prozesuak ez duela "atzera bueltarik, oztopoak oztopo".
Hauteskundeen aurrerapena
EAEn hauteskundeak aurreratzearen inguruan galdetuta, Urizarrek esan du "PPren esku" dagoela hori, baina "inkestek emaitza txarrak ematen dizkiotenez", nahiago omen du "data atzeratu".
Era berean, EAren idazkari nagusiak uste du PPk eta PSE-EEk badakitela "ez direla berriro Ajuria-Enera iritsiko" eta orain "EAEko konstituzionalistentzat erreferentzia" bilakatzeko "borrokan" ari direla.