Politika -
EGI Eguna Azkoitian
Ortuzarrek "populismo merkea" egotzi dio Ayusori, eta "burgesak bezala" bizitzea GKSri
EAJren buruzagiak esan du Madrilgo erkidegoko presidenteak "askatasuna" erabiltzen duela "gehien dutenei mesede egiteko eta zergak jaisteko".
agentziak | eitb media
"Zerbitzu publikoen kalitatearen" eta "gehien behar dutenen arretaren" kaltetan, eta "askatasunaren" aitzakiapean, "gehien dutenei mesede egitea eta zergak jaistea" egotzi dio Andoni Ortuzar EAJren buruak Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteari.
Ortuzarrek Ayusok Euskal Herrira egindako bisita izan du hizpide, besteak beste, Azkoitian egin duten EGI Egunean (EAJko gaztediaren eguna), Amaia Larrañaga EGIko kidearekin eta Ana Azkoitia alkategaiarekin batera egindako hitzaldian.
Guztiek izan dute Xabier Arzalluz buruzagi jeltzale ohia gogoan, azkoitiarra bera, eta gaurko ekitaldian omendua izan dena, 2019an hil ostean.
Ortuzarrek Sabino Arana alderdiaren sortzailearen pausoak jarraitzeko deia egin die gazte jeltzaleei, eta Euskadi "askatasunaren" aurkako mezuak zabaltzen ari diren ezker abertzaleko disidenteen esku geratzeaz ohartarazi die.
Ortuzarrek salatu du egungoa "engainu politikoen garaia" dela, "funtsik gabeko pertsonaiena, keinu autoritarioena, populismo merkeena", Ayusori erreferentzia eginez, baina baita ezker abertzaleko gazteen disidentzia osatzen duen Gazte Koordinadora Sozialistari (GKS) buruz ere.
"'Bildukideei' eta gazte ofizialei horrenbesteko buruko min ematen ari den sektoreari buruz ari naiz", azaldu du, "burgesiaren seme-alabak" direla eta "burgesak bezala" bizi direla adierazi aurretik.
"Eraiki dugun ongizatearen Euskadi aprobetxatzen dute, baina iraultzailetzat dute euren burua, proletalgoaren eta klase popularren berraragitzea direla uste dute", berretsi du.
Sektore horiek Errusiarekiko ustez duten gertutasuna ere aipatu du, eta aldarrikatu "egongelako iraultzaile" horiei ezin zaiela "ukrainarrak bizitzen ari direnen tragediari arreta kentzen" utzi.
Bestalde, hitzaldiaren amaiera Madrilgo presidenteari eskaini dio, izan ere, atzo, Gasteizen, esan zuen EAJk "gustua" hartu diola zergak igotzeari, eta estrategia horrek ekonomiaren "kolapsoa" ekar dezakeela.
Ortuzarrek ez du buruzagi popularrari erantzuteko aukera galdu nahi izan, eta esan du "populismo merkearen" eta "itxurakeriaren eredua" dela berea.
"Bere burua askatasunaren burutzat duen beste bat, baina berak askatasuna gehien dutenei mesede egiteko eta zergak jaisteko erabiltzen du, zerbitzu publikoen kalitatea eta gehien behar dutenen arreta kaltetu arren", gaineratu du EAJren presidenteak.
Azkenik, Amaia Larrañaga Arregi EGIko Aberri Kontseiluko kide azkoitiarrak, euskara, berdintasuna, Ukrainiako gerra, energia, ekonomia eta gazteriak dituen erronkak izan ditu hizpide. "Euskararen erabilera da daukagun erronka, euskararen erabilera zabaldu eta bultzatu behar dugu, nork bere hitzekin, bere eran, azkarrago edo motelago, baina euskaraz ekin! Euskara da zazpi lurraldeak batu eta berezi egiten gaituena, gure izena eta izana, euskaraz bizi!", animatu du.