Politika -
euskadiko pp
Iturgaizek Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "familia eta enpresariei pultsurik ez egiteko" eta zergak jaisteko
Euskadiko PPko liderrak salatu du "derrigorrezko nazionalismoa sektoreak sunsitzera eta konponbiderik ez bilatzera" eramaten ari dela.
agentziak | eitb media
Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidenteak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "familiei eta enpresariei pultsua" egiteari uzteko eta zergak jaisteko, "herritarren poltsikoak dardarka" daudelako.
Agintari popularra Nabaridasen izan da igande honetan, Arabako udalerri horretan izaten diren Ardoaren Topaketen bederatzigarren edizioa dela eta. Iturgaizekin batera, Miguel Angel Fernandez alkatea eta Arabako PPko kargudunak izan dira ospakizun enogastronomikoan. Cumbre Vieja sumendiaren krisiaren ostean, La Palma uharteko ekoizleak eta familia-upeltegiak izan dira protagonista.
Ardogintzaren sektorearen garrantzia azpimarratu ostean, Iturgaizek babesa helarazi die krisiagatik "oso txarto" pasatzen ari diren sektore guztiei, eta nabarmendu du "premiazkoa" dela familia guztiei laguntzea eta "zergak zein presio fiskala jaistea, eta burokrazia desagerraraztea".
"Sinestezina da Urkullu lehendakariak eta Azpiazu sailburuak inork ulertzen ez duen pultsua egitea euskal enpresaburu eta familien aurka. Haiek ez dituzte zergak jaitsi nahi, eta hori gure lurraldea eta babesa eskatzen duten sektoreak pobretzea da", salatu du.
Ildo horretatik, adierazi du ez duela Eusko Jaurlaritzaren "itxikeria" ulertzen. Izan ere, haren aburuz, "zergak jaisteaz ari garenean, janaz ari gara".
"Begira ditzagun badabiltzan ereduak: Madrilen, Andaluzian edo Gaztela eta Leonen, PPko gobernuekin, zergak eta presio fiskala jaisten dira, eta horrek enpresaburuei, behar duten sektoreei eta familiei eragiten die", azaldu du.
Euskadiko PPko Batzarra
Euskadiko PPko Batzarra ospatzeari eta alderdiko buru gisa duen etorkizunari dagokienez, Iturgaizek azpimarratu du bere kideei eta Nuñez Feijoo presidenteari zor zaiela.
"Euskadiko PPko batzarra ospatzeko dagoenean eta bi zuzendaritzetatik data ezartzen zaionean hartuko ditugu erabakiak", adierazi du.
Hala ere, aitortu du "gogotsu" dagoela, eta "talde ona" duela berekin.
Bestalde, nabarmendu du PP alderdi "bateratua" eta "sendoa" dela, "une honetan gauzak oso ondo egiten ari dena". "Guk euskaldunengan pentsatzen dugu, eta arazo errealak konpontzeko proiektuak eta ideiak dauzkagu".
Zentzu horretan, esan du "derigorrezko nazionalismoa sektoreak suntsitzera eta konponbiderik ez bilatzera" eramaten ari dela, zergak jaistea baimenduko lukeen Ekonomia Ituna izan arren.