Politika -
85. urteurrena
Bonbardaketaren "erantzukizun frankista" aitortzea eskatu du Gernikako alkateak
Jose Maria Gorroñok gogorarazi duenez, 1997an Roman Herzog orduko Alemaniako presidenteak erasoaren "erantzukizuna" bere gain hartu zuen herrialdearen izenean, "Alemaniako hegazkinen errua onartu eta barkamena eskatu zuen".
Agentziak | EiTB Media
Duela 85 urte gertatu zen bonbardaketaren "erantzukizun frankista" aitortzea eskatu dio Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak Espainiako Gobernuari.
Alemaniako Kondor Legioak eta Italiako Hegazkineriak Bizkaiko herriari eraso egin zioten 1937 apirilaren 26an.
Alkateak gogorarazi duenez, 1997an Roman Herzog orduko Alemaniako presidenteak erasoaren "erantzukizuna" bere gain hartu zuen herrialdearen izenean, "Alemaniako hegazkinen errua onartu eta barkamena eskatu zuen".
"Aitortza eta barkamen eskaera erreparazio neurri sinbolikoak dira", erantsi du alkateak sarien banaketa zeremonian. XVII. Bake eta Adiskidetze golardoek Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Liga eta Kaltzada egoitzako zaintzaileak saritu dituzte.
Alkateak azpimarratu duenez, "aitortza publikoak biktimen memoria ondratzea, memoria historikoa berreraikitzea, gertatutakoaren egia aldarrikatzea eta giza eskubideen urraketa larri baten aurrean gizartearen errefusa" ahalbidetzen ditu.
Espainiako Gobernuak "espresuki" gaitzetsi du Gernikako 1937ko bonbardaketa, hura gertatu zenetik "lehenengo aldiz". "Erabateko gaitzespena" adierazi du Exekutiboak hura gertatu zenetik onartzen duen mota horretako lehendabiziko adierazpenean.