Politika -

85. urturrena

Gernikak eraso faxista gogora ekarri du, Moncloaren lehen gaitzespenean eta Ukrainako gerran arreta jarrita

Sergii Solovey Ukrainako Enbaxadako idazkari nagusia bertan izan da. Lehendakariak enbaxadorea gonbidatu zuen, baina azkenean ez da hurbildu, agenda arazoak tarteko. 15:45ean, sirenak eta kanpaiak berriz jo dituzte herrian, biztanleriaren aurkako bonbardaketaren hasiera gogora ekartzeko.

Gernikako bonbardaketatik bizirik atera zirenak arratsaldeko lore eskaintzan. Argazkia: EFE
Gernikako bonbardaketatik bizirik atera zirenak arratsaldeko lore eskaintzan. Argazkia: EFE
Gernikak bere bonbardaketaren 85. urteurrena gogoratu du lore eskaintza batekin

0:44

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako Kondor Legio naziak eta Italiako faxistek biztanleriaren aurka egindako bonbardaketa gogora ekarri du Gernikak (Bizkaia) 85. urteurrenean. Besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak, Sergii Solovey Ukrainako Enbaxadaren idazkari nagusiak eta Jose Maria Gorroño alkateak hartu dute parte.

Espainiako Gobernuak 85 urte geroago bonbardaketa gaitzestea eta Memoria Demokratikoaren Estatu idazkariak ekitaldietan parte hartzea "pauso positiboa" dela esan du Urkulluk.

"Gobernu demokratiko batek, egungo Espainiako Gobernuak, duela 85 urteko sufrimenduaren aitortza egitea eta, aldi berean, Errepublikako Gobernu legitimoaren aurkako matxinoen erasoa gaitzestea aspalditik eskatu izan dugu", erantsi du lehendakariak.

Fernando Martin Lopez Memoria Demokratikoaren Estatu idazkaria "pozik" azaldu da ekitaldietan parte hartzearekin. "Biztanleriaren aurkako" bonbardaketa "ankerra eta mingarria" izan zela adierazi du ordezkariak. Goraipatu duenez, "Espainiako Gobernua lehen aldiz izan da" omenaldian.

Hala ere, Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentzia ministroak errefusatu egin du Exekutiboak erantzukizunik aitortzea Gernikako bonbardaketaren inguruan. Izan ere, horren esanetan, sarraskia "naziek" egin zuten, eta "kolpistek" eman zioten babesa. "Bonbardaketa ez zuen Espainiako Estatuak egin, ezta gobernu zilegi batek ere", nabarmendu du.

Fernando Martin Lopez Memoria Demokratikoaren Estatu idazkaria. Argazkia: EFE

Josu Erkoreka, Idoia Mendia eta Beatriz Artolazabal sailburuek Urkullu lagundu dute ekitaldian. Zalloko hilerriak hartu du omenaldi nagusia.

Eusko Jaurlaritzako eta Udaleko ordezkariez gain, bonbardaketan onik atera zen bikote batek parte hartu du lore eskaintzan. Era berean, Sergii Solovey Ukrainako Enbaxadako idazkari nagusia bertan izan da. Lehendakariak enbaxadorea gonbidatu zuen, baina azkenean ez da hurbildu, agenda arazoak tarteko.

Lehentxeago, 15:45ean, sirenak eta kanpaiak berriz jo dituzte herrian, biztanleriaren aurkako bonbardaketa faxistaren hasiera gogora ekartzeko. Gainera, argizariekin Gernikatik ibilbidea egin dute isilean.

Sirena hotsa Gernikan, duela 85 urte bonbardaketa hasi zen unea gogora ekartzeko
Sirena hotsa Gernikan, duela 85 urte bonbardaketa hasi zen unea gogora ekartzeko
Sirena hotsa Gernikan, duela 85 urte bonbardaketa hasi zen unea gogora ekartzeko

0:29

Espainiako Gobernuak "espresuki" gaitzetsi du Gernikako 1937ko bonbardaketa, hura gertatu zenetik "lehenengo aldiz". "Erabateko gaitzespena" adierazi du Exekutiboak hura gertatu zenetik onartzen duen mota horretako lehendabiziko adierazpenean.

Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Felix Bolaños Presidentetza, Gorteekiko Harreman eta Memoria Demokratikorako ministroak biktimak gogoratu eta aitortu ditu eta gerraren "ekintza krudelak" gaitzetsi ditu.

Ukrainako bi errefuxiatu Zalloko hilerrian, Gernikan. Argazkia: EFE

Espainiako Gobernuak adierazpen instituzionala onartu izana, Sanchez presidenteak sare sozialetan mezu publikoa zabaldu izana eta Gernikara ordezkari bat bidali izana urrats garrantzitsuak dira, Eusko Jaurlaritzaren ustez.

Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoa Bingen Zupiria bozeramaileak duela 85 urte Gernika "suntsitu" zuen bonbardaketa gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak, Ukrainak eta "martiri" bihurtu diren Ukrainako hiriek "basakeria bera" jasan dutenean.

Bonbardaketaren "erantzukizun frankista" aitortzea eskatu dio Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak Espainiako Gobernuari.

Alkateak gogorarazi duenez, 1997an Roman Herzog orduko Alemaniako presidenteak erasoaren "erantzukizuna" bere gain hartu zuen herrialdearen izenean, "Alemaniako hegazkinen errua onartu eta barkamena eskatu zuen".

Ukraina gogoan Gernikako bonbardaketa gogoratzeko ekitaldietan
Ukraina gogoan Gernikako bonbardaketa gogoratzeko ekitaldietan
Ukraina gogoan Gernikako bonbardaketa gogoratzeko ekitaldietan

1:20
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gernikako bonbardaketa 86. urteurrena Berriak Politika Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Espainiako Gobernua albisteak Gernika-Lumo Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Frankismoa Gerra Zibileko biktimak Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa