Politika -
Espainiako Gobernua
Krisiaren aurkako dekretuaren kontra bozkatzeagatik "iparra galdu izana" egotzi dio Bolañosek PPri
"Bost axola zaie, dekretuaren aurka bozkatuta, herritarrak kaltetzea", deitoratu du Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetzarako ministroak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Herritarrak kaltetzea" leporatu dio Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetzarako, Gorteen Harremanetarako eta Memoria Demokratikorako ministroak PPri, gerraren ondorio ekonomikoei aurre egiteko dekretuari Alderdi Popularrak kontrako boza eman ostean. Dekretua onartu zuten azkenean EH Bilduren babesari esker.
Clara Campoamor abokatu, politikari, idazle eta ekintzaile feministaren heriotzaren 50. urteurrena ospatzeko omenaldi-ekitaldia izan da larunbat honetan Madrilgo Ateneon, eta han bertan egin ditu adierazpen horiek Bolañosek.
PPk "iparra galdu du", jarraitu du, "Pablo Casadorekin gertatu zitzaion, eta galduta dauka oraindik ere Alberto Nuñez Feijoo egungo buruzagiarekin". "Ulertezina da, bost axola zaie, dekretuaren aurka bozkatuta, herritarrak kaltetzea", deitoratu du. "Alderdi bat lanean dabil egunero herritarren bizitza hobetzeko, ez kaltetzeko, PP saiatu den bezala", kritikatu du ministroak.
Alderdi politiko anitzen babesarekin krisiaren aurkako dekretua aurrera atera izana txalotu du Bolañosek. "Legegintzaldi osoan ez dugu bozketa bakar bat ere galdu", zoriondu du.
'Pegasus'
Bestalde, ERC alderdiarekiko harremana ere aipatu du, izan ere, Esquerra Republicanak dekretuaren aurka bozkatu zuen, 'Pegasus' programarekin politikari independentistei ustez egindako espioitzaren auzian Gobernuak erantzukizunak hartzeari uko egin diolako. "Gobernuak ez du ezer ezkutatzen, jazoerak argituko ditugu dagoeneko iragarri ditugun ekimenen bitartez", zehaztu du Bolañosek.