Politika -

Ekimena

"Nazionalitateak eta eskualdeak" adierazpena Konstituziotik ezabatzea eskatuko du Ciudadanosek

"Lehen eta bigarren mailako herritarrik ez egotea nahi dugu, ezta lehen eta bigarren mailako lurralderik ere", esan du Ines Arrimadasek. Cseko buruzagiak "euskal kupoa" gogor kritikatu du berriro.

Ines Arrimadas Ciudadanoseko presidentea. Argazkia: EFE
Ines Arrimadas Ciudadanoseko presidentea. Argazkia: EFE
Ines Arrimadas Ciudadanoseko presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ciudadanosek Espainiako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzeko ekimena aurkeztuko du Diputatuen Kongresuan, Ines Arrimadas alderdiko presidenteak Sevillan iragarri duenez. Konkretuki, "nazionalitateak eta eskualdeak" adierazpena ezabatu nahi du alderdi laranjak, bere iritziz, "lehen eta bigarren mailako lurraldeak" daudela aditzera ematen duelako.

Arrimadasen hitzetan, "ekimen ausarta eta erreformista" da, Ciudadanosen antzera. "Espainia herritar libre eta berdinen nazio bat da, 17 erkidegok eta bi hiri autonomok osatua", adierazi du.

"Lehen eta bigarren mailako herritarrik ez egotea nahi dugu, ezta lehen eta bigarren mailako lurralderik ere", esan du. Zentzu horretan, Andaluzia beti "bigarren mailako" lurraldetzat jo dutela deitoratu du Arrimadasek.

"Euskal kupoaren aldeko botoa eman" baino lehen, berak eta alderdikideek "eskua" mozten dute

Cseko buruzagiak "euskal kupoa" gogor kritikatu du berriro. "Euskal kupoaren aldeko botoa eman" baino lehen, berak eta alderdikideek "eskua" mozten dutela ziurtatu du.

Arrimadasen ahotan, "abertzaleen aurrean urteetan men egin ondoren, adostasuna bilatzen zuen artikulua, askok gure demokrazia ahultzeko eta zatitzeko erabili dute".

Alderdi laranjaren ekimenak azaltzen duenez, Konstituzioa "Espainiako nazioaren batasun desegin ezinean" oinarritzen da, "herritar libreen eta berdinen nazioa, espainiar guztien aberri komun eta zatiezina, 17 erkidegok eta bi hiri autonomok osatua, eta guztien arteko elkartasuna bermatzen du".

Bestalde, Felipe Sicilia PSOEko Zuzendaritza Federalaren bozeramaileak adierazi duenez, nazionalitate eta eskualdeak Konstituziotik kentzeak ez du bere alderdia "kezkatzen"; izan ere, "askoz interesgarriagoa" iruditzen zaio beste hitz batzuk aldatzea, "minusbaliatu", esaterako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Berriak Politika Kontzertu Ekonomikoa Espainia Alderdi politikoak albisteak Ciudadanosi buruzko albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea