Politika -
EGUN ON EUSKADI
Andueza: "Beharrezkoa da soldatak eguneratzeko bidea aurkitzea, akordio sozialaren bidez"
PSE-EEren buruaren iritziz, pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondorengo agertorkian, langileek erosahalmena galdu dute, eta horri aurre egiteko, "soldatak eguneratzea ezinbestekoa" da. "Sindikatuen, enpresarien eta erakundeen arteko akordio zabala behar da", esan du.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
"Oreka" bilatu behar da langileen eta enpresarien artean, batzuen beharrak eta besteen interesak mahai gainean jarrita. Bide horretatik etorriko da, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiaren ustez, "egungo egoeran beharrezkoa den soldaten eguneratzea". "Lan-erreformarekin ikusi dugun bezala, sindikatuen, enpresarien eta erakundeen arteko akordio zabalak bilatu behar dira", nabarmendu du.
Hainbat gai jorratu ditu Anduezak, ETBko "Egun On Euskadi" saioan, tartean, soldatena. Bere hizetan, covid-19aren eta Ukrainako gerraren ondorengo agertokian, langileek erosahalmena galdu dute, eta hori berreskuratzeko bideak landu behar dira. Zenbat eta nola igo behar diren soldatak, hori akordio sozialaren bidez erabaki behar dela azaldu du. "Enpresariek diote ezin dutela hainbeste igo, eta nik hori ulertzen dut, baina oreka bilatu behar da. Langileek ezin dute erosahalmena galdu, asko eta asko egoera oso txarrean daudelako", zehaztu du.
Siemens Gamesari buruz ere hitz egin du buruzagi sozialistak, eta "langileei bezala", alderdi politikoei ere "informazioa falta" zaiela nabarmendu du. Halako erosketa prozesuak "mundu globalizatuan geroz eta sarriago" ikusiko ditugula uste du, baina "ezer erabakitzerako, gauzak ondo aztertu" behar direla azaldu du. "Aztertu egin beharko dugu zer dagoen mahai gainean. Horretarako, informazio osoa behar dugu. Atzerriko funtsek euskal enpresa asko erosi eta erosiko dituzte, hori eguneroko kontua da, eta horren aurrean politika industrial eraginkorrak beharko ditugu, enpresak Euskadin errotuta jarraitzeko eta enplegurik ez galtzeko", gehitu du.
Gai ekonomikoak ez ezik, politikoak ere landu dituzte goizeko elkarrizketan, eta Pegasus auziaz galdetu dio Iban Garate aurkezleak Anduezari. Horren harira, argi esan du: "Sanchezek eta Espainiako Gobernuak Pegasus auziari buruz eman beharreko azalpen guztiak eman dituzte". Espioitzaren inguruko polemika lehertu zenetik, Espainiako Gobernuaren jarrera "oso egokia" izan dela iritzi dio, eta berriro gogora ekarri du espioitzak izan zirenean Alderdi Popularra zegoela agintean, eta ez PSOE.
"Halere, nik ez dut egindakoa justifikatuko, baina momentu jakin batean Estatuko segurtasunaren izenean erabaki batzuk hartu ziren, epaileen baimenarekin. Gauza hauek egin beharrekoak dira", argitu du. Horren harira gehitu du "historiako beste momentu batzuetan independentistek beste gauza larriago batzuk egin" dituztela, eta horien aurrean ez dituztela azalpenak eskatu. Diskurtsoak norbere mesedetan erabiltzea leporatu die Anduezak, orain, Pegasus auziagatik azalpen eske ari diren batzueri.
Bestalde, Auzitegi Gorenak Kataluniako lider independentistei indultuak berrikusteko hartu duen erabakiaren atzean "erabaki judiziala ikusten du" PSE-EEko idazkari nagusiak, "politikoa baino gehiago". Epaitegietako erabakiak, partekatu ez arren, "beti errespetatzen" dituela esan ondoren, Anduezak azaldu du "Espainiako Gobernuak gai honen inguruan jarrera oso egokia" izan zuela, eta "klima politikoa baretzea" lortu zuela.
Azkenik, PSE-EEk eta EAJk duten harremanari buruz aritu da, eta bere zenbait adierazpen publiko jeltzaleen "oso gustuko" ez direla jakitun dela onartu du. "Baina, logikoki tradizio politiko ezberdina dugu eta iritzi ezberdinak ditugu. Nik nire iritzia ematen jarraituko dut askatasunez eta errespetuz, ez naiz bide horretatik apartatuko", zehaztu du.
Ate-joka diren foru eta udal hauteskundeei buruz, berriz, "orain arte bezala" euskal erakundeetan "egonkortasuna sozialisten eskutik" etorriko dela ziur agertu da.