Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Aizpurua: "Kotizazio gabeko pentsioen igoerak 15.000 pertsonari egingo die mesede Euskal Herrian"

EH Bilduk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, neurriak positiboki eragingo die "kotizatu ez duten baina etxeko lanetan lan egin duten adineko emakume askori". Koalizioak "borrokan" jarraituko du pentsioen erreforma hobetzeko.

Mertxe Aizpurua, Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media
Mertxe Aizpurua, Radio Euskadin.
Mertxe Aizpurua, Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramailea pozik agertu da Radio Euskadin kotizazio gabeko pentsioak % 15 igotzeko Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioarekin, horrek "sektore ahulenei, pentsio txikienak, ia miseriazkoak, dituztenei, dituztenei" egingo dielako mesede; zehazki, Hego Euskal Herrian 15.000 pertsona ingururi eta Estatu osoan 425.000 pertsonari.

Akordioa ona da EH Bildurentzat, dauden "aukeren barruan". "Eskuinaren asmo hori geldiaraztea lortu dugu, espero baitzuen BGAE pribatuak indartu ahal izango zituela", esan du Aizpuruak. Koalizioak "borrokan" jarraituko du pentsioen erreforma "hobetzeko".

% 15eko igoera uztailean sartuko da indarrean, "pentsio txikienek hilean 40 eta 100 euro arteko igoera hori izatea" espero baitute. "Jende askori oso ondo etorriko zaio", gehitu du.

Sanchezen Exekutiboarekin egindako akordioak, krisiaren aurkako neurrien dekretuaren luzapenaren ingurukoak kasu, ez dira "txeke zuri bat". Izan ere, adostutako igoera dekretuan sartuko da, eta onartzetik gertuago daude orain. EH Bilduk hitzen gainetik ekintzak eskatu ditu, eta ez du hauteskunde orokorrak aurreratzea nahi, "aukera hau ahalik eta gehien agortzeko, Gobernu hau benetan aurrerakoia izan dadin".

Bozeramaileak Xabier Atristrainen espetxeratzeaz ere hitz egin du, Auzitegi Gorenak "goragoko auzitegi baten jarraibideak jarraitu ez zituelako", hau da, Giza Eskubideen Europako Auzitegiarenak. "Sumingarria eta justifikaziorik gabea da" Aizpuruarentzat, "Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren erabaki argi eta garbi horrek eztabaidaezina delako eta Estatuaren egiturek eta aparatu judizialak nahitaez bete beharko luketelako".

Aizpuruaren ustez, EH Bilduk sekretu ofizialen batzordean parte hartzea normaltasunez hartu du, baina ez du uste ezer aldatu denik. "Bilera aurretik baino askoz gehiago ez dakit CNIri buruz, horrekin dena esaten dizut", esan du.

Azkenik, Pablo Gonzalez kazetariaren egoera "guztiz bidegabea" kritikatu du bozeramaileak. Izan ere, hiru hilabete baino gehiago daramatza behin-behineko espetxealdian Polonian, "akusazio sinestezinen" ondorioz. Aizpuruaren arabera, Polonia babestu egiten da "Espainiako Gobernuak arlo horretan egiten duen ekintza eskasagatik", eta komunikabideek kasuaz "hain gutxi" hitz egitea kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Pentsioak