Politika -

ATRISTAIN KASUA

"ETA erakunde terroristako presoak defendatzeko" EH Bildurekin "bat egitea" leporatu dio Iturgaizek EAJri

ETAk duela 22 urte hildako Jesus Maria Pedrosa Durangoko PPko zinegotzia omendu du gaur goizean Bizkaiako alderdi popularrak. Bertan izan dira, besteak beste, Carlos Iturgaiz, Raquel Gonzalez eta Bea Fanjul.

Carlos Iturgaiz gaur, Durangon. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
Carlos Iturgaiz gaur, Durangon. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
Carlos Iturgaiz gaur, Durangon. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Iturgaiz Euskal Autonomia Erkidegoko PPko presidenteak "ETA erakunde terroristako presoak defendatzeko" EH Bildurekin "bat egitea" leporatu dio gaur EAJri, 'Atristain kasua' dela eta. Izan ere, ostegunean Ertzaintzak Xabier Atristain ETAko preso ohia atxilotu eta kartzelaratu ondoren, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek testua ondu zuten Euspainiako Auzitegi Gorenak Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren irizpidea bete ez duelako "harridura" eta "kezka" agertuz.

Eurek, aitzitik, beti defendatzen dituztela erabaki judizialak defendatu du Iturgaizek.

Buruzagi popularrak Durangoko hilerrian egin ditu adierazpen horiek, Jesus Maria Pedrosa duela 22 urte ETAk hildako PPko Durangoko zinegotziaren omenaldi ekitaldian. Bertan izan dira, besteak beste, Raquel Gonzalez Bizkaiko PPko presidentea eta Bea Fanjul PPren diputatua Kongresuan.

Komunikabideen aurrean egin duen agerraldian, Iturgaizek eskerrak eman dizkie PPko zein PSEko zinegotziei eta terrorismoaren biktima guztiei "gu guztiongatik eman zutenagatik" eta Jesus Maria Pedrosa bezalako pertsonak gure "memorian eta oroimenean" izan behar direla nabarmendu du.

"Hemen bakea eta askatasuna izan zitezten lan egin zuten eta horregatik hil zituzten, zitalki, euren bizitzak eta euren senideenak etenaz" esan du. Hala, etorkizunean ETAko biktimen omenaldiak desagertuko balira, "herri honen historiaren zati bat desagertuko" litzatekeela defendatu du.

Kritikak Pedro Sanchezi

EH Bildurentzat Pedro Sanchezen Gobernua "pagotxa" dela gaineratu du, "eskrupulurik ez duen Gobernua baita eta ETAko buruzagien alderdiarekin akordioak egiten baititu".

"Kataluniako separatistekin ere egiten ditu akordioak, chavista komunistekin.... Espainia desegin nahi duten guztiak poz-pozik daude Sanchezen Gobenuak eskaintzen dituen aukerekin" amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Gipuzkoa PP Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Euskadi Ta Askatasuna albisteak Alderdi politikoak Euskadiko PP Eguneko albisteak Durango Albisteak Terrorismoaren Biktimak Carlos Iturgaiz