Politika -

eh bildu

Eva Lopez de Arroyabek akordio handiak eskatu ditu, Araba "leku hobea" izan dadin

Arabako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaiak haren hautagaitza aurkeztu du larunbat honetan, eta "beste gizarte eredu baten alde" egin du.

Arabako ahaldun nagusi izateko hautagaia, larunbat honetako agerraldian. Argazkia: EITB Media
Arabako ahaldun nagusi izateko hautagaia, larunbat honetako agerraldian. Argazkia: EITB Media
Arabako ahaldun nagusi izateko hautagaia, larunbat honetako agerraldian. Argazkia: EITB Media

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eva Lopez de Arroyabe Arabako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaiak haren hautagaitza aurkeztu du larunbat honetan Araian, eta "egunero euren bizi kalitatea okertzen ikusten dutenentzat premiazko konponbideak" bilatzearen alde agertu da.

"Etorkizunera begira ari naiz, EH Bildu etorkizunera begiratzeko jaio zelako. Askotarikoen konfluentzia gisa jaio zen, pertsonak erdialdean ipiniko dituen herrialde subirano bat eskaintzeko, askatasuna erdialdean ipiniko duen herrialde bat, eta beste gizarte eredu bat posible egingo duena", adierazi du.

Zentzu horretan, ahal duen guztia emateko konpromisoa hartu du "amets hau egi bihurtzeko, erronkarik handiena baita Araba leku hobea izatea". "Gaur bizitza duinak bermatuko dituen lekua, eta etorkizuneko belaunaldiei ere eskaintzeko prestatuko dena. Zor diegu", nabarmendu du.

Haren aburuz, klimatikoa edo demografikoa bezalako erronka handiak ditu lurraldeak aurretik, baina bereziki azpimarratu du "egunero euren bizi kalitatea okertzen ikusten dutenentzat premiazko konponbideak" bilatzeko beharra.

Berretsi du krisi anitzak, Ukrainaren inbasioak larrituta, ondorio ekonomiko garrantzitsuak izaten ari direla jada gizartean eta, egoera horren aurrean, lehentasunezkoa dela pobretzea eta desberdintasun sozialen areagotzea ekiditea.

"Orainari ere kezkatuta begiratzen diot, produkturik oinarrizkoenak eskuratzeko zailtasunak dituztenei, gasolina depositua bete ezin dutenei eta jatearen edo argia eta gasa piztearen artean aukeratu behar dutenei. Hiritargoak eta bere eskubideek ezin dute berriz krisi honen jasaile izan. Ezin dugu inor atzean utzi", gaineratu du.

Gainera, ahaldun nagusi izateko hautagaiak herri akordio handiak aldarrikatu ditu, erronka estrategiko horiek jorratzea baimendu dezaketenak. "Uste dugu legegintzaldi oso bat galdu dugula, eta konponbiderik ematen ez duen etengabeko inprobisazio batean bizi garela. Gaurko arazoei aurre egin behar diegu eta egiturazko konponbideak eskaini, eta horretarako indarrak batu behar ditugu, eta aliantza politiko berriak eratu. Horregatik, partekatutako gogoetak eta herri akordioak aldarrikatu nahi ditugu", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Araba EAE albisteak EH Bildu Hautagaiak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Udal eta foru hauteskundeak 2023 Arabako Foru Aldundia azken orduko albisteak