Politika -
Diputatuen Kongresua
Kongresuak prostituzioa abolitzeko legea tramitera onartuko du asteartean, Podemosen eta PPren aldeko botoekin
PSOEren proposamenak "proxenetismoa orokorrean zigortzea" jasotzen du, "esplotazio harremanik behar izan gabe". Testuak, ostera, ez du pornografia debekatzeko neurririk bultzatuko.
Agentziak | EiTB Media
Diputatuen Kongresuak prostituzioa abolitzeko legea tramitera onartuko du ostegun honetan. PSOEk bultzatutako araua da, eta sozialistek Sexu Askatasunaren Legeari aurkeztutako zuzenketan oinarritzen da hein handi batean.
PPk babestuko duela iragarri zuen duela astebete. Podemosek, aldiz, tramitazioaren aldeko botoa emango duela iragarri du astelehen honetan bertan.
Hala ere, Unidas Podemosen Kataluniako konfluentzia (comuns) prostituzioa arautzearen alde agertu da, eta oraingoz ez du argitu bere botoaren norabidea zein izango den.
PSOEren proposamenak Zigor Kodearen 187. artikulua aldatu nahi du, "proxenetismoa orokorrean zigortzeko, esplotazio harremanik behar izan gabe".
Aldaketarekin 3-6 urteko espetxe-zigorra eta 18-24 hilabeteko isuna ezarriko liokete indarkeria, larderia edo nagusitasuna erabiliz, ala biktimaren zaurgarritasuna baliatuz, pertsona bat prostituzioan aritzera behartzen edo mantentzen duenari.
Prostituzio jarduera errazteko lokalak edo higiezinak, aberasteko helburuarekin eta sarritan, eskaintzen dituzten pertsonak ere zigortuko ditu legeak. Hau da, klub, lokal eta etxebizitzen jabeak, non prostituzioa praktikatzen den.
Gainera, prostituzioaren bezeroei isunak ezarriko dizkiete. Testuaren arabera, "prostituzio egoeran dauden emakumeengana jotzen duten pertsonak giza eskubideen urraketa larria mantentzeko sarean, zuzenean, parte hartzen dute".
"Prostituzioa emateko ezinbesteko baldintza dira pertsona horiek", azaldu du PSOEk. 12-24 hilabeteko isuna proposatu dute sozialistek; 1-3 urteko espetxe-zigorra eta 24-48 hilabeteko isuna zerbitzu sexuala eskaintzen duen emakumea adingabea baldin bada.
Testuak, ostera, ez du pornografia debekatzeko neurririk jasoko, nahiz eta Espainiako mugimendu feministaren zati batek eskatu.
Sexu Askatasun Legearen eztabaidan, ERC, PNV, EH Bildu, Ciudadanos edo CUPek testua ez onartzeko mehatxu egin zuten, PSOEren ekimen hau jasotzen baldin bazuen. Hala ere, PPren babesarekin aurrera atera behar zen.
Esplotazio sexuala lasaiago eztabaidatu behar dela uste dute indar politiko horiek, eta prostituzioan aske aritzen diren emakumeen eskubideak bermatu.