Politika -
ELKARRIZKETA ETB1-EN
Maddalen Iriarte, EAEko aurrekontuez: "Iraunkortasunak eta egonkortasunak beldurra ematen didate"
Eusko Jaurlaritzak 2023ko aurrekontuen gidalerroak onartu eta biharamunean, "Egun on Euskadi" saioan elkarrizketatu dute EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea. Halaber, diru-sarrerak infinituak ez direla eta fiskalitatearen inguruko eztabaida mahaigaineratu behar dela azpimarratu du.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak 2023ko aurrekontuen gidalerroak onartu eta biharamunean kritiko mintzatu da EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak atzo aurreratu zuen "aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-iraunkortasuna zaindu" beharko dituztela. ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan, iraunkortasuna eta egonkortasuna hitzek beldurra eragiten diotela aitortu du. Halaber, diru-sarrerak infinituak ez direla onartuta, fiskalitatearen inguruko eztabaida mahai gainean jarri behar dela azpimarratu du.
Euskal erakundeek eta Mercedesek ibilgailu elektrikoa eta digitalizazioa lehenesteko protokoloa sinatu berritan, Gasteizko lantegian lan-hitzarmena berritzeko abian dauden negoziazioak ere hizpide izan ditu Maddalen Iriartek. Azaldu duenez, ez da erakundeetatik langileak presionatzeko unea, horien lan-baldintzak babestekoa baizik.
Hezkuntza itunaren inguruan azken asteetan Eusko Legebiltzarrean sortu diren zalantzak argituta, akordioaren balioa nabarmendu du koalizio abertzaleko ordezkariak. Iriarteren hitzetan, horrelako prozesu batean normala da "noizean behin baten batek eskua altxatzea". Edozein kasutan, lorturiko akordioa sendoa dela berretsi du. Are gehiago, EH Bilduk akordioa aberasteko lan egiten jarraituko duela esan du. Bestalde, hezkuntza ituna beste gai estrategiko batzuetarako ispilu izan daitekeela uste du.
Lehen Arretaren egoera ere mintzagai izan du Maddalen Iriartek: "Sagardui andreak azaldu egin du orain arte egiten ibili dena, nahiz eta gero esandakoa ezeztatu duen".
2023ko udal eta foru hauteskundeei begira, EH Bilduk adierazi du, Nafarroan, aldaketaren gobernua egonkortzen eta indartzen jarraituko duela. Halaber, koalizioak Arabako eta Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak eta Bilboko eta Gasteizko alkategaiak iragarri ditu, eta Gipuzkoakoak irailean aukeratuko ditu.