Politika -

MUGAK

Marlaska: 'Gobernua Frantziak ezarritako barne kontrolen aurka dago, eta Bidasoa ibaia zaintzen jarraitzen du'

Barne ministroak adierazi duenez, bestalde, joan den ostiralean Melillan gertatutakoa "eraso bortitza" izan zen, eta bitarteko "arriskutsuak" zituzten antolatutako 2.500 migratzaile izan ziren protagonista.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa
Grande-Marlasa: ''Sanchez presidenteak ez du inoiz justifikatu oinarrizko eskubideen urraketarik''

2:50

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak esan du Espainiako Gobernua ez dagoela ados migratzaileen mugimenduak saihesteko Frantziak bere mugei dagokienez ezarri dituen barne-kontrolekin. Zentzu horretan, gogorarazi du Guardia Zibilak itsasoko eta aireko agenteekin lanean diharduela, Bidasoa ibaian tragediak ekiditeko asmoz.

Melillan gertatutakoari buruz, bestalde, esan du "eraso bortitza" izan zela, eta antolatutako ekintza bat eta bitarteko "arriskutsuak" zituzten 2.500 migratzaile izan zirela protagonista.

Asteazken honetako osoko bilkuran, Melillari eta Bidasoa ibaiaren mugari buruz galdetu diote Barne ministroari. Hala, Iñigo Barandiaran EAJko diputatuak gogorarazi dio otsailaren 2an mozio bat onartu zela arazo hori konpontzeko asmoz, baina Gobernuak ez duela neurririk hartu; are gehiago, nabarmendu du orduz geroztik beste pertsona bat gehiago hil dela itota.

Marlaskak baina, esan du Gobernua Frantziako barne-kontrolen aurka agertu dela beti, eta ibaia zaintzen jarraitzen dutela. "EBko mugak eraginkortasunez babestearen aldekoak gara, baina baita joan-etorrien eta zirkulazio askearen aldekoak ere", gaineratu du.

Halaber, esan du Sanchez presidenteak ez duela sekula oinarrizko eskubideen urraketarik justifikatu eta Gobernuaren kezka nagusietako bat migratzaileen bizitza babestea dela.

Bestalde, Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak joan den ostiralean Melillan gertatutakoaren aurrean zer nolako ikuspuntua duen poliziaren jokabideari dagokionez galdetuta (hesia zeharkatzen saiatu ziren 23 migratzaile hil ziren), Marlaskak nazioarteko mafiak egin ditu horren erantzule, eta zehaztu du "indarrek legea betetzen dutela" eta egunero azterketak egiten dituztela poliziak egiten dituen jarduerak kontrolatzeko.

Hala, adierazi du Melillako hesian gertatutakoa "eraso bortitza" izan zela, eta bitarteko "arriskutsuak" zituzten antolatutako 2.500 migratzaile izan zituela protagonista.

Sanchezek uztaileko Estatuaren eztabaidan emango ditu Melillari buruzko argibideak

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, bere aldetik, Ser irrati katean gaur goizean egin dioten elkarrizketan esan du Melillako hesiari egindako erasoaren berri  nazioaren egoerari buruzko eztabaidan emango duela. Bertan, gaiaren inguruko eztabaida sortu dela uste du, baina ez du egingo berariazko agerraldi batean, PP alde batetik eta Exekutiboko kide parlamentarioak bestetik eskatzen ari diren bezala.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Migrazioa Gipuzkoa Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Irun Albisteak Bidasoa Irun Frantziako Gobernua gaur Frantzia Ibaien albisteak