Politika -

Memoria historikoa

Memoria Demokratikoaren legeko funtsezko hamar ezaugarri

Besteak beste, Gerra Zibilean eta diktadura frankistan zehar desagertutako pertsonen bilaketa eta 1978tik 1983ra egindako giza eskubideen urraketen ikerketa jasotzen ditu lege berriak.

Hobi bat Begoñako hilerrian, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Hobi bat Begoñako hilerrian, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Memoria Demokratikoaren Legearen gako nagusiak

00:42

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gerra Zibilean eta diktadura frankistan zehar desagertutako pertsonak bilatzeko Espainiako Estatuaren konpromisoa, eta 1978tik 1983ra egindako giza eskubideen urraketen ikerketa Memoria Demokratikoaren lege berriko ezaugarrietako bi dira. Hauek dira legearen funtsezko hamar ezaugarriak:

1. Desagertutako pertsonak bilatzeko ardura Espainiako Estatuak hartuko du

Gerra Zibilean eta diktaduran desagertutako 114.000 pertsonak bilatzea Estatuko Administrazio Orokorraren ardura izango dela dio legeak, gainerako administrazio publikoen eskumenei kalterik egin gabe.

Horretarako, Estatuak pertsona desagertuak aurkitzeko mapa bat egingo du, eta Gerra Zibileko zein diktadurako biktimen DNArekin banku bat sortuko du, gorpuzkien identifikazio lanean profil genetikoak alderatu ahal izateko.

2. Erregimen frankista legez kanpo utziko dute

Erregimen frankista zein epaimahai frankistak legez kanpo utziko ditu legeak, baita zigor guztiak baliogabe utzi ere. Horri esker, frankismoaren biktimek "aitortza eta erreparazio pertsonalaren adierazpen" bat lortzeko eskubidea izango dute.

3. Amnistiaren legearen aurrean, nazioarteko zuzenbidea nagusituko da

Arau berriak ez du 1977ko Amnistia Legea indargabetuko, baina giza eskubideen urraketa larrien edo nazioarteko zuzenbide humanitarioaren biktimen egiarako eskubidea bermatu" beharra dagoela azpimarratzen du, "baita aitortza eta erreparazioa ere".

4. 1978tik 1983ra egindako giza eskubideen urraketen ikerketa

Espainiako Gobernuak, EH Bilduk eta Mas Paisek adostutako zuzenketaren arabera, 1978tik 1983ko bukaerara arte "demokrazia sendotzearen alde" borroka egin zuten pertsonei egindako giza eskubideen urraketak ikertzeko batzordea sortzea aurreikusten du legeak, baita "aitortza eta erreparaziorako bideak aztertu" ere.

5. Areto fiskal batek giza eskubideen urraketak ikertuko ditu

Estatu kolpe, Gerra Zibil eta diktadura frankistan zehar giza eskubide eta nazioarteko zuzenbidearen urraketak ikertzeko Areto Fiskal bat sortzea aurreikusten du legeak.

6. Biktimaren definizioa

1936ko uztailaren 18ko Estatu kolpetik 1978ko Konstituzioa indarrean sartu arte kalte fisiko, moral edo psikologikoa, ondarean kaltea ala oinarrizko eskubideen murrizketa jasan zituzten pertsonak biktimatzat hartuko ditu legeak.

7. Erorien Harana Cuelgamuros harana izendatzera pasako da

Memoria demokratikoaren tokiekin inbentario bat sortuko dute; besteak beste, Erorien Harana Cuelgamuros harana izendatuko dute. Horrela, eraikuntzaren inguruabarrak eta esanahia azalduko dituzte, "balio konstituzional eta demokratikoak sendotzeko helburuarekin".

8. Artxiboak ikusteko eta aztertzeko bermea

1936ko estatu kolpetik, Trantsizioa igaro eta 1978ko Konstituzioa indarrean sartu arte jazotako gertakari guztien inguruko artxibo publiko zein pribatuak ikusteko eta aztertzeko eskubidea bermatuko du legeak.

9. Hezkuntzarako edukien eguneratzea

"Balio eta askatasun demokratikoen aldeko borrokaren" eta Espainiako historia eta memoria demokratikoaren ezagutza zabaltzeko xedearekin, DBH, Lanbide Heziketa eta Batxilergoko edukiak eguneratzeko asmoa du legeak, "gerran eta diktaduran zehar izan zen errepresioa" islatzeko.

10. Gerra eta diktadura garaiko noblezia-tituluak ezabatzea

Azkenik, legeak 1948 eta 1978 artean emandako 33 noblezia titulu ezabatuko ditu, besteak beste, Primo de Rivera dukea, Calvo Sotelo dukea eta Mola dukea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainia Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa Giza eskubideak Felipe González Márquez GAL