Politika -
espetxe-politika
ETAko 11 preso Euskal Herriko kartzeletara lekualdatu dituzte
Terrorismoaren Biktimen Elkartearen arabera, lekualdaketa horiek "Sanchezek Bilduri bere Memoria Demokratikoaren legea onartzearen ordain gisa emandako saria" dira.
agentziak | eitb media
Barne Ministerioaren menpeko Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak adostu duenez, ETAko 11 preso Euskal Herriko kartzeletara lekualdatuko dituzte, bederatzi Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetara eta bi Iruñekora.
Terrorismoaren Biktimen Elkartearen (AVT) irakurketaren arabera, lekualdaketa horiek "Sanchezek Bilduri bere Memoria Demokratikoaren legea onartzearen ordain gisa emandako saria dira: 40 hilketa inguru pilatzen dituzten ETAko 11 presok Euskadiko eta Nafarroako kartzeletan lo egingo dute".
Lekualdatuko dituzten presoen artean dira Ainhoa Mujika eta Juan Antonio Olarra Guridi, iaz Logroñora eraman zituztenak. Era berean, Juan Carlos Iglesias Chouzas Dueñasetik (Palentzia) lekualdatuko dute, Eneko Gogeaskoetxea El Duesotik (Kantabria), Ainhoa Garcia Montero Asturiaseko espetxetik lekualdatuko dute, Gorka Palacios Estremerako kartzelatik eta Francisco Javier Makazaga El Duesotik (Cantabria). Jose Lorenzo Ayestaran Legorburu, Fanecas ezizenaz ezaguna, iaz lekualdatua zuten Alacantetik Soriara, eta orain euskal kartzela batera igaroko da. Ibai Ayensa Laborda ere lekualdatuko dute, iaz Lugotik Logroñora igaro ostean. Luis Mariñelarena eta Juan Ramon Carasatorre, berriz, Nafarroara eramango dituzte.