Politika -

''Blokatze Eguna''

1.700 ekintzailek baino gehiagok parte hartu dute Ipar Euskal Herria "blokeatzeko" mobilizazioetan

Prefeturak debekatu egin ditu Jakes Esnal eta Ion Parot ETAko presoak askatzea eskatzeko gaurko Ipar Euskal Herria blokeatzeko mobilizazioak. Horietan 26 pertsona atxilotu dituzte, eta dagoeneko aske dira, kargupean.

A-64 autobidea, blokeatuta. Argazkia: @artisans_paix
A-64 autobidea, blokeatuta. Argazkia: @artisans_paix
Blokeoetan atxilotutako 26 ekintzaileak askatzeko elkarretaratzea egin dute Baionan

02:20

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1.700 aktibistek baino gehiagok parte hartu dute larunbat honetan, uztailak 23, Bake Bideak eta Bakegileek Ipar Euskal Herrian antolatutako blokeoetan, Jakes Esnal eta Ion Parot ETAko presoak aska ditzaten eskatzeko. 32 urte daramatzate preso horiek espetxean.

Pirinio Atlantikoetako prefetak mobilizazio horiek debekatu zituen arren, hainbat bide-azpiegitura, autobide, trenbide eta Miarritzeko aireportua blokeatu dituzte goizean goizetik, eta dagoeneko 945 manifestari identifikatu dituzte, prefetak jakinarazi duenez; gainera, 26 aktibista atxilotu dituzte, Bake Bideak azaldu duenez.

Aktibistek jakinarazi dutenez, mobilizazioa "arrakastatsua" izan da. 1.700 parte-hartzaile baino gehiago Ipar Euskal Herriko 15 tokitan kateatu dira, errepideak, trenbideak eta beste azpiegitura batzuk blokeatuz, eta hala jarraitu dute 16:00ak arte. Ordu horretan, blokeoak desegin eta, 17:30ean, elkarretaratzea egin dute Baionako suprefeturaren aurrean, atxilotutako aktibistak aske utz ditzatela aldarrikatzeko; dagoeneko aske dira, kargupean.

Bake Bideak eta Bakegileek errepideak, trenbideak eta beste hainbat azpiegitura blokeatzeko deia egin dute gaurko, baina Eric Spitz prefetak debekatu egin ditu mobilizazioak, deialdia egin duten bi erakundeek "ez dituztelako manifestazioa deklaratzeko beharrezko formalitateak errespetatu", eta ohartarazi du epaimahaietara joko duela parte-hartzaileen aurka.

"Blokeo-proiektu hau batez ere geltokietara, aireportuetara eta errepide eta autobide sareko korapilo nagusietara zuzentzen da, eta arrisku larria da pertsonen segurtasunerako eta osasunerako", adierazi du Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefekturak (Gobernuaren ordezkaritzak) ohar batean.

"Gerta daitezkeen auto-ilarek eta zirkulatzeko zailtasunek ondorio larriak eragingo dituzte ordena publikoan eta sorospen- eta larrialdi-zerbitzuek esku hartzeko duten gaitasunean", azpimarratu du.

Bake Bideak eta Bakegileek aurreratu dute eutsi egingo diotela gaurko deialdiari. Anaiz Funosas Bake Bideako bozeramaleak Ipar Euskal Herrian bizi diren herritarrei bidali die mezua: "Herritarrei dei egiten diegu etxean geratzeko edo ahalik eta gutxien mugitzeko. Ez dugu jendea izorratzeko egiten, arduraz jokatzen dugulako egiten dugu", eta, hortaz, larunbatean errepide nagusiak blokeatzeko ekimenari eutsiko diote.

Esnali eta Paroti biziarteko espetxe zigorra ezarri zieten Frantzian, eta 32 urte bete dituzte dagoeneko, ETAren hainbat atentatutan parte hartzeagatik.

Parisko auzitegi batek biak behin-behinean aske uztea agindu zuen ekainean, baina Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen, eta erabakia irailaren 22an ezagutuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iparraldea Presoak argazkiak ETA gaur Eguneko albisteak Albisteak Lapurdiko berriak Frantziako Gobernua Espetxe politika Azken ordukoa protestak