Politika -
TRANSFERENCIA
Artolazabal: "Bost presoren kasuak ez ditugu ontzat jo, ez zutelako errotzearen baldintza betetzen"
Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak ukatu egin duela ETAko bost preso Euskadiko kartzeletara ekartzea, "ez zutelako betetzen errotzearen baldintza, euskal ereduan giltzarria dena".
a. s. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketa bere gain hartu zuenetik urtebeterako egun gutxi falta direnean, Beatriz Artolazabal Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak hilabete horien "balantze positiboa" egin du, baina aitortu du bazekitela zer zailtasun zituzten. "Beti esan dut transferentzia konplexua dela", adierazi du.
Ostegun honetan Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean, Artolazabalek jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak ukatu egin duela ETAko 5 preso Euskadiko kartzeletara eramatea "ez zutelako betetzen errotzearen baldintza, euskal espetxe ereduan giltzarria dena". "Legea betetzen ari gara", esan du.
Sailburuaren arabera, eredu hori presoen birgizarteratzean oinarritzen da, eta, horregatik, sustraitzea funtsezko faktorea da lekualdatze eskaera bat onartzeko edo ukatzeko orduan.
Ildo horretatik, ETAko presoen eskaerak "gainerako eskaeren zorroztasun eta zuhurtzia berarekin" aztertu dira, eta aztertu ondoren, ETAko bost presori lekualdatzea ukatu egin zaie "errotzearen baldintza betetzen ez zutelako", adierazi du.
"Euskal espetxeetan, langileen plazen % 20 hutsik daude"
Bestalde, Artolazabalek nabarmendu du Euskadiko espetxeetako plazen % 20 bete gabe daudela, "Espainiako gainerako lekuetan bezala", eta akordio sindikalen (gehiengo sindikala duen UGTrekin) bidez ari direla egoera aztertzen. Hala, sindikatuekin batera, bi urteko epe bat ezarri dute aldaketak egin eta egun nahi den euskal eredura hurbiltzeko.
Artolazabalek adierazi duenez, "transferentziaren aurretik ere bazegoen" arazo hori, eta transferentzia "azpiegiturei eta giza baliabideei dagokienez handicap batzuekin" onartu zela adierazi du. "Bagenekien herentzia bat genuela, eta horri aurre egin beharko geniola", nabarmendu du.
Langileen behar hori "neurri batean" bete ahal izateko, sailburuak azpimarratu du bitarteko funtzionarioen lan poltsa bat jarri dutela martxan, eta horrek ere polemika eta eztabaida eragin duela, bere ikuspuntutik, "artifiziala" dena; izan ere, "gaur egun premia horiek betetzeko poltsa desegokia dela dioten sindikatuek lehen horrelako lan poltsa bat eskatzen zuten", zehaztu du.
Artolazabalek azaldu duenez, lan poltsa hori aldi baterako sortuko da, momentuko behar horiek asetzeko eta "lan balorazio bat egiteko". Baina sailburuak esan du helburua legegintzaldi amaieran LEP bat egitea dela. Gainera, erantzukizuna eskatu die "eragile guztiei", urrats sendoak eman ditzaten elkarrekin, eta euskal espetxe eredua aurrera atera dadin.
Azken hilabeteetan, Euskadiko espetxeetako funtzionarioek euskal espetxe ereduaren aurka egindako protestei dagokienez (horien arabera, langile gabezia larriak ditu), Eusko Jaurlaritzako sailburuak adierazi du "espetxeen kudeaketatik kanpo" daudela protestok, eta sindikatuen eskaeren edo, nolabait, zentroen funtzionamendu ona oztopatu nahi duten gai politikoen ondorio direla.