Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Aitor Esteban: "Nahastu direla pentsatu nahi dut, eta ez zutela EAEko herritarrei dirua lapurtzeko asmorik"
EAJren Kongresuko bozeramaileak iragarri duenez, bankuen eta energia enpresen ezohiko irabazien gaineko zerga Euskadirekin adosteko "urratsak eman dira dagoeneko".
T.S.J. | L.P.C. | EITB MEDIA
Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak iragarri duenez, EAJk ez du babestuko bankuen eta energia enpresen ezohiko irabazien gaineko zergarik, Espainiako Gobernuak EAEko eta Nafarroako Ogasunekin adosten ez badu. Estebanek esan duenez, batzorde mistoan "urratsak eman dira dagoeneko", eta espero du hemendik gutxira akordioa lotzea. "Nahastu direla pentsatu nahi dut, eta ez zutela EAEko herritarrei dirua lapurtzeko asmorik", gaineratu du Radio Euskadiko "Crónica Euskadi Fin de Semana" irratsaioari eskainitako elkarrizketan.
Estatutua betetzeko eta pendiente dauden eskumenak transferitzeko EAJk eskatzen duenean protagonismoaren bila dabiltzala ukatu du Estebanek. Hori dela eta, "PSOEri eta are gehiago PSEri jarrera aldaketa" eskatu die. "Ez daude eskumen txikirik, denak inportanteak dira", azpimarratu du. Jeltzalearen esanetan, legea bete behar da, eta "huts egin dute hamarkada hauetan Gobernu zentraleko erantzukizunak izan eta eskumenak transferitu ez dituztenek".
Bestalde, datozen Estatuko Aurrekontu Orokorren gaineko eztabaida abiatu du Pedro Sanchezen Gobernuak Espainiako Kongresuan. Estebanek lehenengo harremanak izan direla aitortu du, "baina ez dago itxita, eta datozen bi asteak erabakigarriak izango dira".