Politika -

Alderdi Eguna 2022

Ortuzar: "Ez Sanchez ez Feijoo, EAJk alde bakarra du, Euskadi, alegia"

Alderdi Egunaren ospakizunetan "konpromiso falta" egotzi diote berriro Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak eta Iñigo Urkullu lehendakariak, eta "emandako hitza betetzera" deitu dute.

Iñigo Urkullu lehendakaria, 2022ko Alderdi Egunean. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria, 2022ko Alderdi Egunean. Argazkia: EFE
EH Bilduren eta Pedro Sanchezen jarrerak kritikatu ditu EAJk, Alderdi Egun jendetsuan

01:47

T.S.J. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Egunaren 46. edizioa ospatu du EAJk igande honetan, ohi bezala, Forondako zelaietan, Araban, aurtengoan azkenik pandemia aurreko jai giroari eutsita.

Emandako hitza ez betetzeagatik erakutsitako "konpromiso falta" egotzi diote berriro ere Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak eta Iñigo Urkullu lehendakariak ekitaldian egindako agerraldietan.

Gainera, EH Bilduri ere kritikak luzatu dizkiote, jeltzaleen aburuz, ezker independentistak "hutsik dauden Estatu-itunak" proposatzen dituelako, "zelofana baino ez" direnak.

Ostegunean Eusko Legebiltzarrean izandako Politika Orokorreko Saioan Iñigo Urkullu lehendakariak proposatutako itun handiak eta zabalak mintzagai izan ditu Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak. "Gure borondatea adostea da, eta borondate hori berbera aurkitu nahi dugu Euskadiko gainerako indar politikoetan, Bildu barne", adierazi du.

Horren aurrean, "galdutako Bildu bat ikusi dugu". "Nire aititeren behiarekin alderatu dudanean ez zaielako gustatu ala Madrilgo moketara ohitu direlako… Baina lur errearen bere politika historikoa ezkutatu nahi dute, kosta ahala kosta", kritikatu du. "Bikain diren itxura eman nahi dute orain, Estatu-itunak proposatzen, txurroak bailira, baina hutsik dago, zelofana baino ez da", jarraitu du.

"Ez Sanchez, ez Feijoo"

Espainiako politika ere mintzagai izan du Ortuzarrek. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari inbestidura saioan EAJk emandako baiezkoa gogora ekarri du jeltzaleak. "Babesa ematen diogu astero-astero, erabateko ardura eta zintzotasunez, Kongresu eta Senatuko bozketetan. Baina, Sanchezek gauza bera esan dezake? Zoritxarrez, ez, ez borobil bat", deitoratu du. Hori dela eta, Sanchezen Gobernuari eskatu dio "borondate politikoa emandako hitza betetzeko orduan, EAJk egiten duen bezala".

Bestalde, Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularreko burua ere aipatu du Ortuzarrek, eta laster harekin bilduko dela aurreratu du. Hala eta guztiz ere, argitu du EAJk "alde bakar bat" duela, "Ebro ibaiaren gainetik dago eta Euskadi da. Ez Sanchez, ez Feijoo: Euskadi eta bakarrik Euskadi", gaineratu du.

Azkenik, 2023ko udaberrian izango diren udal eta foru hauteskundeen harira, "eskuzabalak" izateko eskatu die EAJren oinarriei. "Alderdiak eskatzen badizue, hauteskunde zerrendetan joateko" eskatu die, "datozen urteak gogorrak izango baitira esparru politikoan". "Dena eman behar dugu", bukatu du.

Euskadi "prest" dago

Iñigo Urkullu lehendakaria Forondan bildutakoei zuzendu zaie, egungo egoera politiko, ekonomiko eta sozialaren diagnosia eginez, eta lau ardatz zehaztu ditu, hala nola, "pobrezia eta desberdintasuna; populazioaren zahartzea eta familia eredu berriak; kontsumo-ohituren aldaketak; eta migrazio fluxuak mundu osoan".

Erronka horien aurrean Euskadi "prest" dagoela aurreratu du Urkulluk, "ekintzatik", alegia, "etorkizuna ez baita asmatu behar, eraiki baizik". "Uztailean sei neurri proposatu genituen, eta aste honetan beste zortzi", gogoratu du, emergentzia sozialeko dirulaguntzak handitzeko, familien zerga zama arintzeko, etxebizitza sozialen kopurua zabaltzeko eta prezioen gorakada arintzeko elikagaien alorrari laguntzeko, besteak beste.

"Mugitzen ez den herriak garapenetik at geratzeko arriskua du", ondorioztatu du lehendakariak, "eta gure herriaren anbizioaren pareko diren helburuak ditugu", hala nola, langabezia tasa % 6tik behera kokatzea, karbonoaren isurketa murriztea, berrikuntzan buru izatea eta euskara eta kulturarekiko konpromisoa berrestea. "Helburuak ditugu, borondatea, indarra, ilusioa eta arima", amaitu du.

Ukrainarekiko elkartasuna

Agintarien ohiko desfilearen ondoren eta "Eusko Abendaren Ereserkia" himnoaren ostean, minutu bateko isilunea egin dute pandemian zendu diren pertsona guztiak gogoratuz.

Alderdi Egunean izan dira Katalunia, Kanariar irlak, Galiza, Illes Balears, Flandria, Bretainia, Okzitania, Frantzia, Txile, Szekler, Georgia, Kosovo, Angola eta Biokoko ordezkari eta lagunak.

Halaber, Ukrainako bandera bat ikusgai izan da Forondako pantaila erraldoian, eta Ortuzarrek EAJren elkartasun osoa adierazi dio Errusiak inbaditutako herrialdeari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Araba Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Pedro Sánchez EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak PPko presidentea